Irailaren 16ko arratsaldetik aurrera “.eus” domeinuak eskatzeko abiarazte-aldia hasiko da. Aurkezpenean domeinua nork, zergatik, noiz eta nola eskatu azalduko da Bilboko Kafe antzokian 17:00etatik aurrera. Gogoratu, orain arte aitzindarien fasean egon dela Puntueus fundazioak eskeinitako domeinuen eskaera. 92 domeinu aitzindari aukeratu zituzten lehen fase honetan, baina domeinuaren kostua handiegia izanik guretzat (500€ti gora, kategoriaren arabera), itxarotea erabaki genuen. Hala ere, Game Erauntsia ez dago atzean gelditzeko eta gamerauntsia.eus domeinua eskatzeko asmoa daukagu fase berri honetan. Ikusi beharko kostuak zenbat jeisten diren eta horren arabera aurre egiteko moduan bagaude, laister izango dugu domeinu berria!

Beste berrikuntza batzuk

Domeinuaz gain, bai taldekideen artean eta baita webgunearen gainerako erabiltzaileen artean ere hainbat eskakizun egon dira. Ondorengo egunetan hauek garatu eta martxan jartzen saiatuko gara:

  • Foroa: Komunitatearen galdera eta proposamak erantzun eta eztabaidatzeko gune bat ireki nahi da. Bai jokoei buruzko edota webgunearen atal, kategoria etab. buruzko galderak eta eztabaidak sustatzeko.
  • RSS: Gure gameplayak eta berriak jarraitu ahal izateko RSS harpidetza sistema bat irekiko da.
  • Bideo karga automatikoa: Orain arte, youtubera igotako bideoak eskuz sartu izan dira Game Erauntsian. Baina hemendik aurrera hori automatikoki egingo duen sistema garatzeari ekingo zaio. Hau da, kide bakoitzak bere kanalean jarritako bideoak automatikoki erauzi eta webgunera ekarriko dira.

Bada, lan pila bat dago hemen egiteko! Lasai hartu eta adi egon aldaketa berriei! Zuen gustukoak izango direlakoan hurren arte!