Ordu erdiko jokagarritasuna aurkeztu du IO Interactive-k. James Bond agentearen hastapenak biziko ditugu PCan zein egungo kontsoletan.

IO Interactivek eta PlayStation-ek 007 First Light State of Play aurkezpena eskaini dute, jokoaren kaleratze data zehaztuz: datorren urteko martxoaren 27an estreinatuko da Bond espioiaren joko berria.

Jokagarritasun gordina lehen aldiz erakusteko ere aprobetxatu dute. Ordu erdiko iraupena duen lehen misioaren bideoarekin mekanika eta ezaugarri desberdinak aditzera eman dituzte. Ohi bezala, agente bereziaren abilezia desberdinak erabiliko ditugu tiroketetan, gidatzerakoan, isil gordeka aritzerakoan nahiz infiltratzerakoan.

Hitman sagarekin antzekotasun handiak ditu, espero bezala: 47 agentearen egileen jokoa izanik, gune handietatik miatzen eta ikertzen ibiliko gara, gure helburuak betetzeko biderik onenaren bila. Izan ere, bide zuzenena odoltsuena eta arriskutsuena da sarritan: azpihelburuen bitartez konponbideak eta aukera alternatiboak bilatzea sarituko du tituluak.

Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, aurrera egiteko modurik egokiena aurkitzeko gadget-ak edo tresnak erabiltzea da onena: nola ez, 007 agenteak denetariko erreminta interesgarriak dauzka eskura. Bideoan, esaterako, taser moduko tresna erabiltzen du; hala ere, Hitmanetan egin modura, inguruneetatik zehar sakabanatutako objektuak hartzea ere posible da, era guztietako distrakzioak eragiteko.

Tiroketetan babesen atzean ezkutatzen ariko gara; nahiz eta ikusgarriak diren, azkar batean galduko du bizitza Bondek. Ustekabea gorputzez gorputzeko borroken aldetik dator: aukera eta mugimendu ugari izango dituela dirudi, tentsioz betetako ukabilkada latzekin. Auto gaineko eszenak dira jokoaren protagonista nagusietako bat: une harrigarriak ikusiko ditugu ihesean gabiltzala.

Errendimendu aldetik, baina, arazo larriak agertu ditu First Lightek. Aurkezpeneko eszena batzuetan segundoko fotogramen tasa nabarmen jaisten da, jasanezina izan arte. Hegazkin gaineko duelua da nabarmenena: kargamentu guztia bueltaka dabil tiro egiten gabiltzala, eta bideojokoak benetan sufritzen du. Urte erdi daukate garatzaileek optimizazioari egurra emateko; atal grafikoa, behintzat zoratzekoa da.

Ordenagailuetan eta PlayStation 5, Xbox Series zein Nintendo Switch 2 kontsoletan estreinatuko da 007 First Light, esan bezala, 2026ko martxoaren 27an.