Lehen aldiz ikusi dugu Bond berriaren aurpegia. Isil gordeka zein tiroka ariko gara mundu osoan zehar, baita gailuz betetako autoak gidatzen ere.

IO Interactivek 007 First Light ofizialki aurkeztu du azkenik. James Bond agentearen hastapenak erakutsiko dizkigun bideojokoa State of Play emanalditik igaro da.

Aurpegi berriarekin —zaleek Patrick Gibson aktorearena dela diote—, 00 estatusa lortzeko MI6 agentziarentzako egindako misioak biziko ditugu First Lighten. Lasai, ohiko misio ikusgarriak eta gailuak ikusiko baititugu.

Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, mundu osotik zehar ariko gara Bondekin era guztietako erronkak gainditzen. Ohi bezala, tiroketek sekulako pisua hartuko dute, baina isil gordeka aritzea ere erabaki dezakegu. Horretan maisuak dira IO Interactivekoak: Hitman sagaren sortzaileek ezkutuan aritzeko tresnak eta baliabideak eskainiko dizkigute. Noski, horretarako Q ikerlariaren objektuak jasoko ditugu.

007ren abentura batek bai ala bai eduki beharreko elementuekin jarraituta, ibilgailu gaineko atalak ere biziko ditugula dirudi. Aipatutako Hitman jokoen eboluzioa dela esan daiteke, hein batean, 007 First Light.

Jokatzeko itxaron egin beharko dugu, ordea: 2026an kaleratzeko asmoa agertu dute egileek. PlayStation 5, Xbox Series, Switch 2 eta PC plataformetan estreinatuko da.