James Bond agentearen abentura berriaren 30 minutuko jokaldia ikusiko dugu IOIren eskutik. Datorren urterako aurreikusita dago.

IO Interactive estudioak PlayStation-ekin elkarlana iragarri du 007 First Light ezagutzera emateko. Bond agenteak bere State of Play zuzenekoa aurkeztuko digu etzi.

20:00etan hasiko den emanaldiak 30 minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute arduradunek. Ohi bezala, PlayStationen YouTube nahiz Twitch kateetatik jarraitu ahalko da.

Bertan 007ren hastapenak aurkeztuko dizkigun jokoaren lehen misioa erakutsiko digute: MI6 erakundearen espioi berria isil gordeka zein tiroka ariko da, nola ez, baina autoak gidatzeko astia ere hartuko du zuzenekoan.

Ekainean aurkeztu zen ofizialki First Light, hain zuzen ere, PlayStationen State of Play emanaldian. 2022. urtean entzun genuen lehen aldiz James Bonden tituluari buruz, IOIk Project 007 izenarekin aurkeztu zuenean.

Hirugarren pertsonako ikuspegia eskainita, espioi ezagunaren ohiko elementuak bilduko ditu First Lightek: mundu osotik zehar sakabanatutako misio desberdinak gainditu beharko ditugu, horretarako askatasun handia edukita. Misio bakoitza gainditzeko bide ugari egotea espero da: hala izan ohi zen espioiaren jokoetan, baina, IOI Hitman frankiziaren arduraduna izanik, 47 agentearen abenturen antzeko egitura edukitzea aurreikusten da.

Etzi ikusiko dugu hortaz, sakontasunean, 007 First Light. Titulua 2026rako aurreikusita dago: PlayStation 5, Xbox Series, Switch 2 eta PC plataformetan estreinatuko da.