Enpresaren merkatuko balioa 28.700 milioi dolarretara iritsi da modu horretara. Sonyren aldetik 200 milioiko kopurua jaso dute.

Epic Gamesek enpresako blogean jakitera eman duenez, 1.000 milioi dolarreko inbertsioa eskuratu du inbertitzaileen artean egindako azken finantzaketa errondan.

Tim Sweeney Epic Gameseko zuzendari eta sortzaileak nabarmendu duenez, diru kopuru hori enpresak “irudikatzen duen metabertsoaren ikuspegia garatzeko” balioko du. Hori horrela, Fortnite, Rocket League eta Fall Guys moduko bideo-jokoekin “konektaturiko esperientzia sozialak eratzeko lana bizkortu” nahi dute, eta aldi berean “bideo-jokoen garatzaileak indartu Unreal Engine, Epic Online Services eta Epic Games Store bezalako tresna eta zerbitzuekin”.

Blogean finantzaketa errondako xehetasunak eman dituzte Epicekoek. 1.000 milioi dolarren bosten bat Sonyren eskutik jaso dute: 200 milioi inbertitu ditu PlayStationen jabeak. Appaloosa, Baillie Gifford, Fidelity Management & Research Company LLC eta beste hainbat kide aipatzen dituzte prentsa oharrean.

Ez da Sonyk Epicen dirua jartzen duen lehen aldia: joan den urteko abuztuan egindako finantzaketa errondan 250 milioi dolar jarri zituen jadanik. Kenichiro Yoshida Sony Group Corporationeko burua “pozik” agertu da elkarlana indartzeko balioko duen inbertsio honengatik. Orain egun batzuk Fortnitek PlayStationeko azken urteetako aurpegirik ezagunenetako bat jaso zuen: Horizon Zero Dawneko Aloy protagonista; aurretik God of Warreko Kratos ere ikusi ahal izan da battle royale arrakastatsuan.

Epic Gamesen merkatuko balioa 28.700 milioi dolarretaraino iritsi da finantzazio laguntza horiei esker. Epic Games Storearen ikusgaitasuna areagotzeko asmoz 444 milioi dolar erabili zituen enpresak joan den urtean saltoki digitalerako bideo-jokoen esklusibotasunak bereganatuta eta dohainik oparituta. Azken hilabeteetan Psyonix Rocket Leaguen sortzailea eta Mediatonic Fall Guysen garatzailea bereganatu ditu Epicek.