Gizadia desagertu den etorkizunera eramango gaitu PC eta Switch plataformetatik igaro den abentura narratiboak.
Fellow Traveller argitaletxeak 1000xResist abenturaren PlayStation 5 eta Xbox Series bertsioak iragarri ditu. Azaroaren 4an merkaturatuko dira kontsola berrietan.
Iaz PCan zein Switch kontsolan estreinatu zen Sunset Visitor indie taldearen abentura narratiboa, izugarrizko balorazioak eta denetariko sariak eskuratuta. Etorkizunean kokatuko gaitu: urtea ezezaguna bada ere, gizadia lurrazpian ezkutatu behar izan da estralurtarren inbasioari aurre egiteko. Ez dute erasotzen, baina berdin dio: gizakiak desagerrarazi dituzte ekarri duten gaixotasunarekin batera.
Bizirik jarraitzen duen Ikuslearen (Watcher) rola jokatuko dugu. Iris izeneko gizakia da gaixotasunari biziraun dioen bakarra: bere klonetako bat izango gara. Misterioak argituz eta iraganeko oroitzapenak esploratuz sekretu ilunak ezagutuko ditu gure protagonistak, erabakiek pisu handia izanik.
Azaroaren 4an bizi ahalko dugu bere abentura, esan bezala, PS5ean zein Xbox Seriesetan. Xbox Game Pass harpidetzan ere estreinatuko da: obra motza izanik —11-13 ordutan gainditzekoa—, askorentzat bertatik jokatzea erakargarria izango da. 1000xResist PCan nahiz Switchean joka daiteke dagoeneko.
Lander Unzueta
Iruzkinak