Prentsa zein bideo-jokozaleentzat edukiak eta aurrerapenak batu nahi dituzte. Ekainaren 15etik 17ra bitartean egingo litzateke.
Electronic Entertainment Expo edo E3a pandemia garaietara egokitzeko bideak bilatzen ari dira Entertainment Software Associationeko kideak. Koronabirusak eragindako egoeragatik joan den urteko ekimena bertan behera utzi ondoren, 2021eko E3a digitalki egitea aurreikusten du erakundeak.
ESAko kideek aurrera egiten badute ekainaren 15etik 17ra gauzatuko da ekitaldi digitala. Bertan gehienezko bi orduko iraupeneko ohiko aurkezpen handiak egingo zituzten garatzaileek eta enpresek. Horiez gain sari banaketak eta beste hainbat streaming txiki ikusiko ziren E3 eraberritu horretan. Prentsak, bestalde, aurkezpen horietarako sarbidea astebete lehenago jasoko zuen ESAk proposatutakoaren arabera; ekimenak ikustearekin batera bideo-jokoen froga eta betak jasoko zituzten hedabideetako langileek.
Noski, enpresa txiki zein handien akordio eta negozioen unea ere bada E3a. Garatzaileen edota prentsaren arteko elkarlana sustatzeko bide bezala bilera birtualak egiteko aukera azaldu du erakundeak.
VGC webguneak jakitera eman duenez bideo-jokoen industriako argitaratzaile handienetako batek dagoeneko uko egingo zion aurtengo E3an parte hartzeko aukerari. Izan ere, ekimenean egon ahal izateko "sei zifrako kostua" ordaindu beharra daukate, eta formatu digitalera igarotzean enpresa bakoitzak bere aurkezpen propioa eratzeko bidea dauka.
Halere, oraindik ikusteko dago 2021eko E3a nola ospatuko den. Esan bezala, ESAko kideek proposatutako erabakiak onartu behar ditu lehenago.
Iruzkinak