Abenduaren 7an Game Erauntsia zein Rolariak elkarteetako eta Zomorro Studio-ko kideak batuko gara Kabi@ gunean.

Bideojokoek geroz eta presentzia nabarmenagoa daukate Durangoko Azokan. Hori, hein batean, Gamer Gela ekimenei esker dela esan dezakegu. Aurten ere errepikatzera dator: euskarazko bideojokoak erakutsiko eta ezagutzera emango ditu, gure zaletasunaz gure hizkuntzan gozatzea posible dela aldarrikatzeko.

Abenduaren 7an, ikasle goizan, egingo dugu Gamer Gela berezia. Game Erauntsiakoak ez gara bakarrik egongo, baina: Rolariak Elkarteko nahiz Zomorro Studio taldeko kideekin batera haurrek, gazteek zein heldueek ondo pasatzeko gunea antolatzen gabiltza.

Modu horretara, azken urteotan argitaratutako zein lokalizatutako euskarazko jokoak probatzeko aukera egongo da Kabi@ gunean. 2023a sekulakoa izan da euskal bideojokozaleentzat: A Short Hike, Tunic, Super Mario World, Frontball Planet, Celeste, Pummel Party, Steredenn eta askoz gehiago gaineratu ditugu euskarazko jokoen zerrendara. 36 titulu (oraingoz), 2023an, 147 guztira.

Aipatutakoekin batera, zelan ez, euskaratutako klasikoak ere eskainiko ditugu. Beat Saber, Kopanito, Dynasty Feud, Mario Kart 8 Deluxe, Pile Up eta beste hainbat ikusiko dituzue Kabi@n.

Rolariek, bestalde, joko analogikoetara joko dute —maitasunez diogu—: mahai jokoen eta RPGen mundua gure mintzairan ezagutzera emango dute. Euskal Rol-Fuaren misterioak argitu nahi badituzu, eurekin elkartu beharko zara!

Ikasteko eta sortzeko txokoa ere egongo da, bukatzeko. Zomorro Studioko Ibai Aizpuruarekin “Nire lehen bideojokoa” tailerrean parte hartzeko aukera edukiko dute azokara hurreratzen diren ikasleek.

Mugikorra edo tableta erabilita mailen diseinuaren inguruan oinarrizko azalpen eta aholkuak eskainiko ditu, ondoren partaide bakoitzak euren gailuan maila bat sortzeko. Amaitzerakoan ikasleek sortutakoak partekatuko dituzte.

 

Egitarau osoa

Abenduak 7 – Durangoko Azokako Kabi@ Areto Nagusian

  • 10:30 – “Nire lehen bideojokoa” tailerra. (izen ematea itxita dago jadanik).
  • 12:00 – Gamer Gela: euskarazko bideojokoen erakustaldia.
  • 14:00 – Bazkaltzeko atsedenaldia.
  • 16:00 – Gamer Gela: euskarazko bideojokoen erakustaldia.
  • 19:30 – Itxiera.

Animatu eta etorri Durangoko Azokara abenduaren 7an! Game Erauntsiako zein Rolariakeko lagunak ezagutzeko eta desbirtualizatzeko aukera aproposa izango da —baita bideojokoetan jokatzekoa ere—. Zuen zain egongo gara!