The Super Mario Bros. animazio filmaren jarraipena iragarri du Nintendo-k, gainera.
Mar10 Eguna ospatu du Nintendok. Izan ere, Martxoaren 10a munduko iturginik ezagunaren egun ofiziala da: Mariorena, hain zuzen ere. Behar bezala ospatzeko Shigeru Miyamoto sortzailearekin batera prestatutako bideo bereziarekin era guztietako iragarpenak egin dituzte: besteak beste, Paper Mario: The Thousand Year Door JRPG jokoaren nahiz Luigi’s Mansion 2 HD ‘beldurrezko’ abenturaren argitalpen datak zehaztu ditu N handiak.
Gamecube kontsolako Paper Mario bikaina maiatzaren 23an iritsiko da Switch hibridora. Txukundutako atal grafikoarekin estreinatuko da, noski: bereizmena areagotzeaz gain, sprite-ak pixkat hobetuko dituztela nabari daiteke iragarpen trailerrean.
Paper Mario klasikoa da; hortaz, txandakako borrokak, esplorazio sinplea, minijokoak eta umore mordoa ikusiko ditugu. Zalantzarik gabe, sagako jokorik borobilenetakoa.
Luigi’s Mansion 2 HD, bestalde, ekainaren 27an merkaturatuko dute Switchean. Jatorriz Nintendo 3DS eramangarrian estreinatutako jokoa ez da bereizmen handiagora mugatuko bertsio berrian: modeloak zein efektuak hobetu dituzte japoniarrek.
Bi jokook ez dira izan, baina, Marioren egunean iragarritako bakarrak. Game Boy eramangarrian kaleratutako Dr. Mario, Mario Golf eta Mario Tennis klasikoak Nintendo Switch Online zerbitzuan jokatu ahalko ditugu bihartik aurrera. Ohi bezala, kontsola birtualarekin emulatzeko aukera edukiko dute harpidedunek.
Bukatzeko, agian iragarpenik handiena izan zena jaso genuen, nahiz eta bideojokoengandik urrundu. Miyamotok The Super Mario Bros. animazio filme arrakastatsuaren jarraipena ezagutzera eman zuen. Ez da inolako ezustekoa, aurrekoaren zifrak zein bukaera ikusita, baina zaleak zain zeuden.
Illumination estudioa arduratuko da beste behin ekoizpenaz. Ez hori bakarrik, argitaratze data iragarri dute arduradunek: 2026ko apirilaren 3an zinemetan estreinatzea aurreikusten dute.
Iruzkinak