Bideojokoen ekaineko ekimenik esanguratsuenen ordutegien agenda prestatu dugu.

Bideojokozaleontzako urteko egunik zirraragarrienak hastear dira. Aurten, inoiz baino gehiago: Switch 2 kontsola jaso, eta jarraian udako aurkezpen handiei ekingo diegu. E3 azokaren garaiak bukatu dira, baina bestelako ekitaldien formatua nagusita da azken urteotan. Summer Game Fest jaialdiak gidatuta, askotariko enpresen edo taldeen bideojokoak ezagutzera emateko ekimenak ikusiko ditugu.

Xbox Games Showcase, Day of the Devs, Wholesome Direct, PC Gaming Show… betiko aurkezpenak bueltan dira, baina orain gutxi abiatutako zuzeneko emanaldiak ere ikusiko ditugu; adibidez, Women-Led Games 2025 edo Future Games Show. Horrenbeste ekitaldirekin, agendatxoa prestatzea ezinbestekoa da.

Beti bezala, Game Erauntsiatik jarraituko ditugu, bai blogeko artikuluen bitartez, bai gure Twitch-eko zuzenekoekin. Asmoa, gutxienez, Xboxekoen ekitaldia elkarrekin zuzenean ikustea da, baina ea zer nolakoak datozen egunotan. Jarraitu gure sare sozialak edo Telegram taldean, bertatik abisatuko dizuegu-eta!

 

Mix Summer Games Showcase

The MIX (Media Indie eXchange) taldeak Guerrilla Collective izena alboratu, eta Mix Summer Games Showcase ekimena abiatuko du udakoei hasiera emateko. Garatzaile independenteen lehen festa dugu; hortaz, indie jokoak izango dira nagusi. Sareko zuzenekoaz gain, Los Angelesen ekimen presentziala antolatu dute.

 

Summer Game Fest

Geoff Keighley kazetariak antolatutako ekimenak indarra hartzen jarraitzen du. Aurtengorako 60 bazkide bildu dituzte, industriako izenik handienak, tartean: Nintendo, PlayStation, Xbox, Valve, Epic Games, Sega, Square Enix, Capcom, 2K Games edo Devolver Digital zein Annapurna Interactive indie argitaletxeak, besteak beste.

Argi dago aipatutako guztiek ez dituztela iragarpen handiak egingo, baina itxura batean bai ala bai ikusi beharreko zuzenekoa izango da Summer Game Festena.

 

Day of the Devs

Summer Game Fest amaitu bezain laster ohiko indien eguna hasiko da. Beti bezala, Double Fine eta iam8bit taldeak batuko dira Day of the Devsen udako saioa gidatzeko.

 

Wholesome Direct 2025

Indiekin jarraituz, Wholesome Games kolektiboaren aurkezpenean tiroak eta biolentzia erabat alboratzen duten bideojoko atseginetan ardaztuko gara. Oraingoan ez dute bildutako bideojokoen kopurua zehaztu, baina aurrekoetan ia 100 tituluetara iritsi dira.

 

Women-Led Games 2025

Izenak dioen bezala, emakumeek sortutako bideojokoak dira aurkezpen honen ardatza. Summer Game Festen aterpean ikusiko dugu, kate berean.

 

Latin American Games Showcase 2025

  • Noiz: Ekainaren 7an, 20:00etan
  • Non: Youtube

Aurrekoa bukatu bezain laster hasiko da garatzaile latinoamerikarrei zuzendutako ekimena. Aurten 50 bideojoko baino gehiago bilduko dituztela aurreratu dute.

 

Southeast Asian Games Showcase 2025

 

  • Noiz: Ekainaren 7an, 21:00etan
  • Non: Youtube

Antzeko aurkezpena daukagu jarraian, oraingoan hego-ekialdeko talde asiarren bideojokoekin. Indie garatzaile ugari egongo dira, beraz.

 

IGN Live

  • Noiz: Ekainaren 7an eta 8an
  • Non: Youtube

IGN atariak bigarrenez antolatutako aurkezpena presentziala izango da, baina online jarraitzeko aukera ere egongo da. Industriako markarik handienak bilduko dituzte hauek ere: Xbox, Nintendo, Ubisoft, Capcom eta askoz gehiago egotea espero da.

 

Green Games Showcase

Summer Game Festek abiatutako beste ekitaldietako bat dugu Green Games. Jasangarritasunari eta ingurumena babesteari zuzendutako bideojokoak izango ditu hizpide lehenengoz egingo duten aurkezpenak.

 

Future Games Show

  • Noiz: Ekainaren 7an, 22:00etan
  • Non: Youtube

GamesRadar atariak antolatutako saioaren itzulera ikusiko dugu. 20 bideojoko baino gehiago biltzeko asmoa agertu dute; batzuk, ‘world premiere’ esaldi desiratu horren babespean egongo dira.

 

Frosty Games Fest

Australiako zein Aotearoako (Zeelanda Berria) garatzaileen lanak ikustera igaroko gara ordu batzuk beranduago, Frosty Games jaialdian. Summer Game Festen beste proposamenetako bat.

 

Xbox Games Showcase + The Outer Worlds 2

Xboxena egunotako aurkezpenik nabarmenenan bilakatzen joan da, eta aurten ere bertan ikusiko ditugu, dena ondo badoa, iragarpenik esanguratsuenak. Nola ez, Xbox Game Studios marka barruan aurkitzen diren estudioen jokoak igaroko dira ekimenetik, baita hirugarrenen enpresa handien tituluak azalduko ere.

Bukatzerakoan, bigarren aurkezpena ikusi ahalko dugu. Obsidian Entertainment estudioaren hurrengo jokoak, The Outer Worlds 2 RPG abenturak, berezko ekitaldia edukiko du Xboxekoenean.

PC Gaming Show

Hamaikagarrenez, eta azkar esaten da, itzuliko dira PC Gamer aldizkarikoak ordenagailuko bideojokoei buruzko zuzenekoa eskaintzera. Umorea, elkarrizketak eta obra berriak ikusiko ditugu, beti bezala.

 

Nintendo, PlayStation eta Ubisoft, galduta?

Aipatutakoekin bideojokoen erauntsia datorkigu, bai, baina enpresa handi ugariren hutsunea nabari dugu. Beti gabiltza antzeran data hauetan, lasai beraz: Nintendok, PlayStationek zein Ubisoftek ez dute euren ekimenei buruzko informaziorik eskaini oraingoz.

N handiak Xboxekoen osteko egunetan antolatu ohi du bere Nintendo Direct aurkezpena. Hortaz, ekainaren 9rako ikusi beharko genuke… baina agian ez da horrela izango. Nintendo Switch 2 kontsola ekainaren 5ean merkaturatuko dutela jakinda, data bereziak dira eurentzat; beraz, aurten aurkezpenik gabe geratzeko aukerak daude.

Ez da guztiz egia, baina: urrian argitaratuko duten Pokémon Legends: Z-A berriari zuzendutako Pokémon Presents aurkezpena iragarri dute asteon. Ekainaren 22an ikusiko dugu.

PlayStationena are kasu bereziagoa da. Azken urteetan ekaineko zaparradatik aldendu, eta maiatzean antolatu izan ohi dute State of Play edo PlayStation Showcase aurkezpena. Hilabetea bukatzeko egun bakarra geratzen denez, data aldatu dutela pentsatzea da logikoena. Zurrumurruen arabera, irailean ikus dezakegu zuzeneko emanaldi bereziren bat.

Azkenik, Ubisoft daukagu. Ubisoft Forward zuzenekoarekin bukatu ohi dugu ekaineko aurkezpen handiekin, baina oraingoan paso egingo dutela dirudi. Ez da harritzekoa, azken finantza txostenean patxadaz hartzeko asmoa agertu baitute, urte gogorrak bizi ondoren.