Moomintroll: Winter’s Warmth, Darwin’s Paradox, Replaced edo Masters of Albion indie jokoak ere iristear dira.

Jaiegunetarako berotzen hasiak dira hainbat, eta, hori aprobetxatuz, egunok aprobetxatzeko bideojokoen eskaintzari begiratzeko aukera aproposa da. Apirilak Pokémon, Starfield edo Tomodachi Life ezagunen bertsio berriak utziko dizkigu. Frankizia berrientzako tokia egongo da Pragmata, Saros edo Vampire Crawlers bezalakoekin.

Titulu independenteekin jarraituz, azken hilabeteotan horrenbeste aldiz entzun ditugun Moomintroll: Winter’s Warmth, Darwin’s Paradox, Replaced edo Masters of Albion probatzeko unea ere izango da. Ustekabean dator, bukatzeko, Hades II zoragarriaren PlayStation eta Xbox port-ak.

 

Darwin’s Paradox

  • Argitaratze data: 2026-04-02
  • Garatzailea / Argitaletxea: ZDT Studio / Konami
  • Generoa: Abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Konamik argitaratutako obra berrian olagarro bilakatuko gara. Itsasotik atera, eta industriagune misteriotsuan amaituko dugu: gure esku egongo da ihes egitea, horretarako 2.5D ezaugarriak biltzen dituen abenturan murgilduta.

Inguruneetako elementuez baliatuko gara puzzleak zein erronkak gainditzeko. Isil-gordeka aritzea ezinbestekoa izango da —Metal Gear-ekin txantxak zein elkarlanak egiten dabiltza—, baina plataforma desafioak ere aurkeztuko ditu Darwinen bidaiak. Doako proba dauka.

 

Starfield

  • Argitaratze data: 2026-04-07
  • Garatzailea / Argitaletxea: Bethesda Game Studios
  • Generoa: Abentura, ARPG
  • Plataformak: PS5 (aldez aurretik, PCan eta Xbox Seriesetan)

Xboxen beste esklusibo bat dator PlayStationera, zale askok espero zutena, gainera: Bethesda taldearen Starfield. Duela urte pare bat estreinatu zenean, ez zituen iritzirik onenak lortu, baina berritasunekin iritsiko da Sony-ren kontsolara.

Free Lanes doako eguneratzea ikusiko dugu apirilaren 7an, gurutzaldi (Cruise Travel) deitutako nabigazio dinamikoarekin; ez hori bakarrik, ordainpeko Terran Armada eduki gehigarria ere helduko da egun berean, misio, kokaleku eta ezaugarri berriak bilduta. Unibertso irekiko abenturari bigarren aukera emateko aitzakia aproposa.

 

Pokémon Champions

  • Argitaratze data: 2026-04-07
  • Garatzailea / Argitaletxea: The Pokémon Works / The Pokémon Company, Nintendo
  • Generoa: Txandakako borrokak, JRPG
  • Plataformak: Switch 2, Switch

Pokémon sagako spin-off interesgarria datorkigu. Esplorazioa eta abentura alboratuta, borroketan ardaztuko da Champions. Stadium bezalako obra mitikoetan oinarritutako jokoa doakoa izango da, gainera.

Duelu lasaiagoak zein lehiakorragoak proposatuko dizkie jokalariei: bakarkako zein binakako partidak lehiatuko dituzte. Pokémon Home aplikazioarekin gainerako jokoetan harrapatu ditugun munstroak erabiltzeko aukera dago; bestela, ausazko eskaintza lortuko dugu.

Urtea bukatu aurretik, gainera, Android zein iOS gailuetan kaleratuko da Pokémon Champions.

 

Hades II

  • Argitaratze data: 2026-04-14
  • Garatzailea / Argitaletxea: Supergiant Games
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PS5, Xbox Series (aldez aurretik PCan eta Switch kontsoletan)

Iaz estreinatutako Hades II maisulanak PS5 eta Xbox Series bertsioak apirilean jasoko dituela ezagutu genuen joan den astean. Originalaren premisa berbera mantentzen du jarraipenak: ikuspegi isometrikodun akzioa eta roguelike mekanikak uztartuko ditu antzinako Greziako girotzearekin.

Bigarrenean Melinoë dugu protagonista: Zagreus-en arreba, alegia. Berarekin batera Chronos zitalari aurre egin beharko diogu, familia giltzapetu ondoren. Bedeinkazioak, abileziak eta borroka bizkor nahiz frenetikoak ikusiko ditugu. Aurretiazko sarbideari analisia eskaini genion Game Erauntsian, “ederra” zela esanez… eta behin betiko bertsioa are hobea da.

 

Replaced

  • Argitaratze data: 2026-04-14
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sad Cat Studios / Thunderful Publishing
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Berandutze txikiarekin —martxoan estreinatu behar zen— dator Replaced, baina azkenean probatzeko aukera edukiko dugula dirudi. Cyberpunk estetika 2.5D grafikoekin elkartzen duen esplorazio eta borroka abentura izango da Sad Cat indie taldearena.

80ko hamarkada alternatiboan kokatzen den Phoenix City hiria zeharkatuko dugu R.E.A.C.H. izeneko adimen artifiziala gidatuz. Lasterka, eskalatzen eta borrokan ariko gara, Batman Arkham jokoetako ukabilkadak gogora ekartzen dituzten mekanikekin. Ordenagailuetan demoa proba dezakegu.

 

Tomodachi Life: Living the Dream

  • Argitaratze data: 2026-04-16
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
  • Generoa: Simulazioa
  • Plataformak: Switch 2, Switch

Sims jokoen estiloa jarraituko du Tomodachi Life berriak; hau da, elkarbizitza eta simulazio bideojokoaren aurrean gaude. Mii pertsonaiak sortu, eta familiak zein lagun taldeak osatuko ditugu harremanak bideratzeko.

Etxebizitzak, saltokiak, jatetxeak, telebista platoak, liburutegiak edo irlatik sakabanatutako naturgune eta toki desberdinak bisitatuko dituzte gure Mii adiskideek. Euren etxea izango den irla nahi bezala apaintzeko aukera zein lagunen Miiak ekartzeko aukerarekin, bizipen zein pasadizo zoroak bizitzea izango da helburua.

 

Pragmata

  • Argitaratze data: 2026-04-17
  • Garatzailea / Argitaletxea: Capcom
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Azkenik, Capcomen obra berria probatuko dugu apirilean: 2020an estreinatu behar zen Pragmata. Atzerapenak kontuan edukita, Hugh eta Diana protagonisten ilargiko abenturak sekulako itxura daukala aurreratu beharra dago.

Bikotea Lurrera itzultzea izango da helburua; bidean, baina, adimen artifizial maltzurrak gidatutako roboten armadari aurre egin beharko diogu. Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, Diana roboten defentsak gainditzeko puzzleak burutzen ariko da; ostean, Hughekin tirokeketan aritzeko unea helduko da. Kasu honetan ere, doako proba daukagu hainbat plataformatan.

 

Vampire Crawlers

  • Argitaratze data: 2026-04-21
  • Garatzailea / Argitaletxea: poncle
  • Generoa: Karta jokoa, roguelike
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series

Vampire Survivors arrakastatsuaren egilea girotze bera duen, baina proposamen zeharo desberdina duen Crawlersekin dator. Oraingoan, karta jokoa eskainiko digu.

Lehen pertsonako ikuspegian ziegak, gazteluak edo basoak zeharkatu beharko ditugu, lauki sarez osatutako inguruneak gaindituta, karta bidezko borroketan parte hartuta. Txandakako dueluetan erabiltzen ditugun karten ordena kontuan hartu beharko dugu konbo hilgarriak jaurtitzeko; horrela, hurrengo karten indarrak eta ahalmenak areagotuko ditugu.

Gailu nagusietara iritsiko da lehenik eta behin, baina mugikorretarako bertsioak prestatzeko asmoa ere aurreratu du indie garatzaileak: Android zein iOS gailuetan jokatuko dugu etorkizunean. Bitartean, PCrako demoa daukagu eskuragai.

 

Masters of Albion

  • Argitaratze data: 2026-04-22
  • Garatzailea / Argitaletxea: 22 Cans
  • Generoa: Estrategia, simulazioa
  • Plataformak: PC

Jainko jokoen berpizkundea ekarri nahi du Black & White tituluen Peter Moulineux zuzendari ospetsu bezain polemikoak. Estrategia, simulazioa, herrien kudeaketa zein dorreen defentsa mekanikak uztartuko ditu Masters of Albionek.

Oakridge herrixka txiroan hasiko dugu abentura, jainko baten rola jokatuta. Herria zein bere biztanleak kontrolatzeaz arduratuko gara, jainkoaren eskuarekin, negozioak abiatuta eta bizilagunei lagunduta: kudeaketa lanekin batera, borrokak, ikerketak eta bestelakoak biziko ditugu gidatuko ditugun herritarren begietatik, gauarekin batera herrixka munstroengandik eta armadengandik defendatzeko unea helduko baita.

 

Kiln

  • Argitaratze data: 2026-04-23
  • Garatzailea / Argitaletxea: Double Fine / Xbox Game Studios
  • Generoa: Akzioa, multijokalaria
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Pitxerrak eta ontziak protagonista edukiko dituen festa joko dibertigarria agintzen digute Double Finekoek. Kilnen buztingintza lanetan hasiko gara partidetan kontrolatuko dugun ontzia sortzeko: sormen prozesuan zeramikazko ontziei forma eta tamaina desberdinak emanda, hauen ezaugarriak, indarguneak eta ahulguneak zehaztuko ditugu.

Ondoren, lau lagunek osatutako bi taldek elkarren aurka egingo dute. Helburua ura biltzea izango da arerioen basera jotzeko eta beren zeramika labea itzaltzeko.

 

Moomintroll: Winter’s Warmth

  • Argitaratze data: 2026-04-27
  • Garatzailea / Argitaletxea: Hyper Games
  • Generoa: Abentura, biziraupena
  • Plataformak: PC, Switch 2, Switch

Moomin izakitxo ezagunen unibertsoa indarra hartzen doa azken urteotan, eta bideojokoen munduan ere proposamen interesgarriak ikusi ditugu: halakoxea izango da Winter’s Warmth.

Negu hotzari eta zitalari biziraun beharko dio Moomintroll protagonistak, hibernaziotik behar baino lehenago esnatu ondoren. Harana esploratu, baliabideak bildu, eta etxebizitza berotu zein atondu beharko dugu, bitartean denetariko pertsonaiak ezagutzen ditugun bitartean. Guztia, 2D estetika ederrarekin aurkeztuta.

Beste behin, doako demoa probatzeko aukera dago.

 

Saros

  • Argitaratze data: 2026-04-30
  • Garatzailea / Argitaletxea: Housemarque / PlayStation Studios
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PS5

Returnal zoragarria argitaratu ondoren, proposamena errepikatzera datoz Housemarqueko finlandiarrak: tiroketa frenetikoak eta bala infernua utziko dizkigu Sarosek. Carcosa planeta aldakorra esploratuko du Arjun Devraj protagonista berriak.

Roguelike elementuekin, behin eta berriz ekingo diogu erronkari, tartean hobekuntza eta abilezia iraunkorrak eskuratuta. Jauziak, bulkadak eta armategi estralurtar zabalak eskainitako akzio frenetikoa saihestu beharreko dozenaka energia izpi eta bolekin batuko ditu Sarosek, Returnalek egin bezala.