Era guztietako bideojokozaleei zuzendutako eskaintza zabala ikusiko dugu egunotan.

Martxoak poztasun ugari ekarriko dizkie bideojokalariei. Frankizia eta estudio handietako tituluak ikusteko egunak izango dira: Super Mario Bros., Pokémon, Marathon, Monster Hunter, Crimson Desert edo Death Stranding bezalako sagen jokoekin.

Aurreko hilean gertatu modura, japoniarrak indar betean ariko dira: Nintendo, PlayStation, Capcom, Koei Tecmo zein Kojima Productions estreinaldiak datoz. Guztiontzako lekua dago, halere. Mega Crit, Deck Nine Games edo Pearl Abyss estudioak ere hurbilduko zaizkigu egunotan.

 

Scott Pilgrim EX

  • Argitaratze data: 2026-03-03
  • Garatzailea / Argitaletxea: Tribute Games
  • Generoa: Akzioa, beat ‘em up
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Xbox Series

Scott Pilgrim eta Ramona Flowers abentura guztiz berriarekin itzuliko dira. Scott Pilgrim vs. The World: The Game maitatuaren jarraipen zuzena dirudi, baina EXek aldaketa handiak dakartza: Kunio-kun (River City) sagaren bidea jarraitzen du, esploratzeko Toronto hiriarekin eta mailaz igotzeko zein hobetzeko pertsonaia mordoarekin.

Beat ‘em up jokoa da, funtsean, eta kolpeak izango dira nagusi. Bakarka zein lagunekin konbo luzeak eta eraso bereziak erabiltzen ariko gara dozenaka arerio jipoitzen ditugun bitartean. Misioak, erronkak eta bestelako ideiak eroak bilduko ditu generoan aditua den Tribute Games (Marvel Cosmic Invasion, Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge) taldeak.

Demoa eskaini dute egileek ordenagailuetan.

 

Pokémon Pokopia

  • Argitaratze data: 2026-03-05
  • Garatzailea / Argitaletxea: Koei Tecmo / The Pokémon Company, Nintendo
  • Generoa: Biziraupena, esplorazioa
  • Plataformak: Switch 2

Pokémon frankiziaren 30. urteurrena ospatu zuten Game Freak, Nintendo eta The Pokémon Company taldeek otsail bukaeran. FireRed eta LeafGreen klasikoen itzulera ikusi zuten zaleek, baina ez da sakelako munstroek egunotan jasoko dituzten joko bakarrak: Pokopia itxurosoa ere estreinatuko da.

Koei Tecmorekin elkarlanean sortutako obra honek Minecraft, Stardew Valley, Animal Crossing edo Dragon Quest Builders uztartzen dituela esan daiteke. Giza itxura hartzen duten Ditto pokémona izango gara: gizakiak desagertu diren etorkizunean, pokémonak elkartzeko eta bizitzeko tokia eskaintzeko helburua izango dugu.

Horretarako, eraikiko dugun herrixkara hurreratuko diren piztien abileziak kopiatuko ditugu. Ur pistolarekin, gar botagailuarekin edo hostotzarekin inguruneak eraldatzea lortuko dugu are pokémon gehiago erakartzeko eta gure etxea sortzeko. Ez gara bakarka ariko, gainera: lau lagun kooperatiboan ari daitezke. GameShare ezaugarriak dauzka Pokopiak; alegia, pertsona bakarrak behar du jokoa multijokalaria ahalbidetzeko.

 

Slay the Spire 2

  • Argitaratze data: 2026-03-05 (aurretiazko sarbidea)
  • Garatzailea / Argitaletxea: Mega Crit
  • Generoa: Kartak, roguelike
  • Plataformak: PC

Kartak, RPG elementuak eta roguelike partidak uztartzen dituen Slay the Spire ospetsuaren jarraipenak ez du behin betiko bertsiorik jasoko oraingoz, baina aurretiazko sarbidean (early access) jokatzeko eta probatzeko aukera edukiko dute ordenagailuko jokalariek.

Lehen tituluan ikusitako guztia hobetzera datoz: atal grafikoa nabarmen txukundu eta ekinaldi alternatiboak prestatu dituzte —ekitaldi bakoitzaren bukaeran bi bideren artean hautatuko dugu—, baita bioma, etsai nahiz karta berriak eratu ere. Onena? Oraingoan ez garela bakarrik ibiliko: lau lagunentzako kooperatiboa iragarri dute indie estudiokoek, sinergia eta karta bereziekin.

 

Planet of Lana II

  • Argitaratze data: 2026-03-05
  • Garatzailea / Argitaletxea: Wishfully / Thunderful Publishing
  • Generoa: Abentura, puzzleak
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series

Lehen joko arrakastatsuaren ondoren, esplorazioa eta plataformak ardatz dituen Lana eta Mui protagonisten abentura zinematikoarekin jarraituko dugu. Bi protagonistak gidatuta mundu berria berriz ezagutzeari ekingo diogu basoak, mendiak, izoztutako lurraldeak eta gune misteriotsuak zeharkatuta.

Puzzleak eta erronka txikiak izango dira nagusi, beste behin: Lanaren mugikortasuna areagotu da oraingoan, jauzi mekanika sakonagoekin, baina Muiren laguntza beharko dugu hainbat ekintza burutzeko. 2.5D estetika ederra prestatu dute egileek, modelo sinpleekin baina ingurune biziekin.

Kasu honetan ere, doako proba aurkituko dugu Steam plataforman.

 

Marathon

  • Argitaratze data: 2026-03-05
  • Garatzailea / Argitaletxea: Bungie
  • Generoa: Akzioa, lehen pertsonako tiro jokoa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Bungie estudioa Marathon frankizia ezagunera itzuliko da. Tiroketak mantentzen badira ere, oraingoan ateratze tiro jokoa eskaintzera datoz PlayStationen aterpean. Jokalaria jokalariaren aurka, eta jokalaria ingurunearen aurka jarriko ditu; hau da, PvPvE formatua proposatzen dute Halo-ren sortzaileek.

Sei korrikalari (runner) mota desberdinen artean hautatu beharko da partida bakoitza hasi aurretik, bakoitza bere indarguneekin eta ahulguneekin Tau Ceti IV mundua esploratuko dute jokalariek: bakarka zein beste bi taldekiderekin batera, gune desberdinetako baliabideak eta altxorrak biltzea izanga da helburua, ondoren, ihes egiteko.

 

Monster Hunter Stories 3: Twisted Reflection

  • Argitaratze data: 2026-03-13
  • Garatzailea / Argitaletxea: Capcom
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Monster Hunterren azpisagarik arrakastatsuenaren hirugarren atalarekin jarraituko du Capcomek. Ehiza multijokalariak alboratuta, jokalari bakarrari zuzendutako JRPG abentura ederra izango da Stories 3.

Rathalos munstro bikiak izango dira istorioaren ardatza, baina pizti gehiago ikusiko ditugu. Pokémon erako mekanikak hartzen ditu MH Storiesek: munstroen lagun eginda, hauekin borroketan parte hartzen ariko gara, RPG mekaniken bidez mailaz igotzeko eta indartsuagoak egiteko. Anime estetika landuarekin borobiltzen dute guztia: Azuria eta Vermeil erresuma koloretsuak zeharkatuko ditugu.

 

Death Stranding 2: On the Beach

  • Argitaratze data: 2026-03-19
  • Garatzailea / Argitaletxea: Kojima Productions / PlayStation Publishing
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC (aldez aurretik PS5ean)

Hideo Kojima zuzendariaren azken obra ordenagailuetara dator. Iaz PlayStation 5ean merkaturatu zen Death Stranding 2 hobetuta eta hedatuta iritsiko da PCra: ohiko hobekuntza grafikoak agintzen dituzte egileek.

Sam Porter Bridges banatzailea izango gara berriz: mundu osoa konektatzeko ahaleginetan ariko gara oraingoan, gizadia salbatzeko helburuarekin, tartean istorio eta une zoro bezain gogoangarriak bizita. 2025eko bideojokorik onenen artean kokatu dela ikusita, ordenagailuko jokalariek harrapatu beharreko jokoetako bat izango da.

 

Crimson Desert

  • Argitaratze data: 2026-03-19
  • Garatzailea / Argitaletxea: Pearl Abyss
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Black Desert MMORPG ezagunaren arduradunek antzeko izena duen, baina zeharo desberdina den jokalari bakarrarentzako ARPG abentura eskainiko dute Crimson Desertekin.

Fantasiazko Pywel eskualdera bidaiatuko dute jokalariek hirugarren pertsonako borroka latzak, mundu irekiko abenturak eta istorio sakona bizitzeko. Eskalatze sistemak, denetariko animalien gainean aritzeko aukerak —dragoiak barne— eta atal grafiko ikusgarria agintzen dituzte arduradunek.

 

Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park

  • Argitaratze data: 2026-03-26
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
  • Generoa: Plataformak
  • Plataformak: Switch 2

Switch originalean 2023an argitaratutako Super Mario Bros. Wonder ederrak Switch 2ko bertsioa edukiko du, eta espantsio handiarekin estreinatuko da. Meetup in Bellabel Park izeneko edukia multijokalariari zuzenduta egongo da nagusiki: minijokoak eta erronkak proposatuko ditu kooperatiboan zein modalitate lehiakorretan gozatzeko.

Abentura originalarentzako hobekuntzak ere dakartza, baina: Rosalina nahiz Luma pertsonaiekin jokatzea ahalbidetuko du N handiak. Gainera, Toad kapitainak proposatutako desafioak, zazpi Koopaling maltzurrak eta indartzaile berriak gaineratuko ditu.

Iturginaren 40. urteurrena ospatzera bideratutako jokoetako bat da: edizio fisikoan erosi ahalko da, edo, originala dutenentzat, hobekuntza txartel digitala eskainiko dute.

 

Life is Strange: Reunion

  • Argitaratze data: 2026-03-26
  • Garatzailea / Argitaletxea: Deck Nine Games / Square Enix
  • Generoa: Abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Max Caulfield eta Chloe Price protagonistak beste behin bilduko dira Life is Strange sagaren istorio nagusia ixteko. Bi protagonistak gidatuko ditugu, bakoitza bere helburuekin eta erabaki sortarekin.

2024an estreinatutako Life Is Strange: Double Exposure-k istorioa utzitako unetik jarraituko du azken bideojokoak. Jazoera bitxien artean, pertsonaien ingurukoak hiltzeko arriskua egongo da: jokalarien esku egongo da euren patua aldatzea.