Yakuza 3ren berregitea, Reanimal edo Mewgenics ere ikusiko ditugu egunotan, AAA tituluak nahiz indie obrak elkartuta.
Bideojokoen otsaila japoniarrek osatuko eta elikatuko dute. Capcom, Square Enix edo Koei Tecmo estudio handiek, besteak beste, aurtengo bideojokorik interesgarrienak kaleratuko dituzte: Resident Evil Requiem, Nioh 3 zein Dragon Quest VII Reimagined estreinatuko dira asteotan.
Ez dira obra japoniar interesgarri bakarrik izango, ordea: tartean, Romeo is a Dead Man odoltsua zein Yakuza Kiwami 3 & Dark Ties berregitea ikusiko ditugu. Reanimal eta Mewgenics txikiagoekin, hilabetea borobilduta izango genuke. Mario iturgina ikusiko dugu, bukatzeko, tennis erraketa eskuan hartuta: ohi bezala, otsaila argitalpen handientzat da.
Dragon Quest VII Reimagined
- Argitaratze data: 2026-02-05
- Garatzailea / Argitaletxea: Square Enix
- Generoa: JRPG
- Plataformak: PC, PS5, Switch, Switch 2, Xbox Series
PlayStation originalean 2000. urtean kaleratutako DQren beste berregite bat —3DS eramangarrian ere ikusi genuen— jasoko du zazpigarren atalak. Atal grafikoa zeharo zaharberrituta, diorama itxura eskaini diote oraingoan; hori bai, Akira Toriyama mangaka-ren —Dragoi Bolaren sortzailearen— diseinuak eta ideiak ikusten jarraituko dugu.
Txandakako borroka sistema ere aldatu dute, duelu dinamikoagoak eratzeko. Horretaz gain, ohiko bizitza kalitate hobekuntzak zein soinu banda berria biltzen ditu. Kiefer pertsonaiarekin abentura guztiz berriak ere biziko ditu protagonisten taldeak: iraganera itzuliko dira berriro Rucker gazteluan barneratzeko.
Nioh 3
- Argitaratze data: 2026-02-06
- Garatzailea / Argitaletxea: Koei Tecmo
- Generoa: ARPG
- Plataformak: PC, PS5
Samuraien eta deabruen frankizia arrakastatsuarekin itzuliko dira Koei Tecmokoak. Niohren hirugarren atalak aldaketa handiak dakartza: mundu irekiagoa aurkeztuta, Japoniako aro eta hiri desberdinak zeharkatuko ditugu oraingoan.
Katanak eta magiak protagonista dituzten duelu zailak eta frenetikoak izango dira nagusi. Ekipamendu zabalaren artean hautatuta, eta gure pertsonaia hobetzeko mailaz igota, denetariko munstroen aurka egin beharko dugu. Berritasun gisa, ninja borroka estiloa gaineratu dute, kolpe bizkorrekin eta saihesteekin; orain arteko samurai estiloarekin batera erabil dezakete jokalariek. Demoa probatzeko aukera daukagu PS5ean zein PCan.
Mewgenics
- Argitaratze data: 2026-02-10
- Garatzailea / Argitaletxea: Edmund McMillen eta Tyler Glaiel
- Generoa: Estrategia taktikoa, roguelike
- Plataformak: PC
The Binding of Isaac eta Super Meat Boy handien sortzaileak 2012an iragarritako Mewgenics bukatutzat emango du. “Amaigabeko katu ugalketa RPGa” prestatu duela dio: Katuak hazten ariko gara gure etxean… beraiekin batera apokalipsi ondorengo mundu arriskutsua esploratzeari ekiteko.
Pitxitxiak batuta eta zainduta, hauen abileziak eta estatistikak hobetuko ditugu jaten emanda zein opariak eskainita. Lepoko bereziekin, mailak edo lanak ezarriko dizkiegu: borrokalaria, aztia, ehiztaria edo tankea, adibidez. XCOM bezalako jokoen lauki sare bidezko txandakako dueluak lehiatuko dituzte katuek munstroen aurka. Roguelike elementuak biltzen dituenez, partida bakoitzean ausazko ibilbideei aurre egin beharko zaie.
Yakuza Kiwami 3 & Dark Ties
- Argitaratze data: 2026-02-11
- Garatzailea / Argitaletxea: Ryu Ga Gotoku Studio / SEGA
- Generoa: Akzioa, abentura
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Xbox Series
Yakuza edo Like a Dragon sagak sekulako indarra hartu du azken urteotan, baina Kazuma Kiryu mafiosoaren istorioa jarraitzen hasten direnek hirugarren atal gogorrari aurre egin behar diote… oraindik aurrera, prozesua pixkat erraztuko dela dirudi Kiwami 3 & Dark Ties berregiteari esker.
Dragon Engine garapen motorea erabilita eraberritutako tituluak Okinawa irletara zein Tokioko Kamurocho auzora eramango gaitu. Kolpeak, drama zirraragarrienetatik ateratako istorioak, karaoke saioak eta bestelako minijokoak proposatuko ditu. Istorio originalaz gain, Yoshitaka Mine protagonista duen Dark Ties espantsio guztiz berria ere biltzen du remake-ak.
Polemika artean datorrela esan behar da: pertsonaientzako aktore batzuk aldatu badituzte ere, tartean Teruyuki Kagawa aktorea dago. Hainbat emakumek jazarpen salaketak jarri dizkiote; berak, onartu. Yakuza zaleek jokotik kanporatzeko eskatu dute, baina Segatik ez dute aldatzeko asmorik agertu.
Romeo is a Dead Man
- Argitaratze data: 2026-02-11
- Garatzailea / Argitaletxea: Grasshopper Manufacture
- Generoa: Akzioa, abentura
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Ezpatakadak, tiroketa futuristak, gidoi eroa eta biolentzia mordoa proposatzera dator, beste behin, Suda51 garatzaile japoniarra: No More Heroes, Killer is Dead edo Lollipop Chainsaw tituluen egilea, alegia.
Romeo is a Dead Manen “pantaila gorriz margotuko dugula” dio sortzaileak. Romeo Stargazer gidatuko dugu. Ia hil ondoren, Dead Man bihurtuko da: espazio-denboran zehar unibertso desberdinetako bilauen bila ariko den FBI erakundeko agente berezia. Konboz betetako hack and slash duelu dinamikoekin batera mecha robotak ikusiko ditugula dirudi.
Mario Tennis Fever
- Argitaratze data: 2026-02-12
- Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
- Generoa: Kirola
- Plataformak: Switch 2
Tennis arkade partidak dakartzan bideojoko gutxi daude egun, baina Mariok ez du hutsik egiten. Erraketa bereziak, kolpe berezi indartsuak eta oztopoak zein minijokoak batuko ditu Nintendo-k Mario Tennis Feverren.
Partida arruntekin batera jokalari bakarrarentzako kanpainaren itzulera ikusiko dute zaleek. Mario eta lagunak haurtxo bilakatu ondoren, erraketa eskuan hartuta gune desberdinak esploratzen eta erronka berezietan parte hartzen ariko dira. Jokalari bakarrarentzako modalitateak, tokiko zein sareko multijokalaria, joy-con aginte bidezko kontrolak eta gehiago agintzen dituzte egileek.
Reanimal
- Argitaratze data: 2026-02-13
- Garatzailea / Argitaletxea: Tarsier Studios / THQ Nordic
- Generoa: Beldurra
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series
Beldurrezko abentura kooperatiboarekin itzuliko dira lehen bi Little Nightmares ospetsuen garatzaileak. Galdutako adiskideak aurkitzeko eta salbatzeko, neba-arreba protagonistek puzzleak eta bestelako oztopoak gainditu beharko dituzte.
Ipuin ilunen girotzearekin, oinez zein txalupa gainean ibiliko dira, munstroak zein arrisku desberdinak aurkituta; egileen arabera, umeen amesgaiztoetako izakien itxura eta izaera edukiko dituzte. Demoa jaitsi dezakegu dagoeneko, debalde.
Avowed
- Argitaratze data: 2026-02-17
- Garatzailea / Argitaletxea: Obsidian Entertainment / Xbox Game Studios
- Generoa: Akzioa, RPG
- Plataformak: PS5 (aurretik PCan eta Xbox Seriesetan)
Xboxek PlayStation 5erako bideojoko berria ekarriko du otsailean: iaz argitaratutako Avowed interesgarria. Lehen iritziak pixkat hotzak izan ziren, baina, denborak aurrera egin ahala, balorazio baikorragoak bildu ditu Obsidianen fantasiazko RPG abenturak.
Anniversary Update iritsiko da PS5era —zein aurreko plataformetara—. Hiru arraza berri, armak, joko berria + modalitatea, argazkilaritza aukerak eta gehiago gaineratzen ditu.
Resident Evil Requiem
- Argitaratze data: 2026-02-27
- Garatzailea / Argitaletxea: Capcom
- Generoa: Beldurra
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series
Otsailarekin bukatzeko beldurrarekin jarraituko dugu, oraingoan, bideojokoen frankiziarik arrakastatsuenera begira jarrita. Resident Evilen bederatzigarren atala kaleratuko du Capcomek: Requiem. Raccoon City hiria bisitatzera eramango gaitu, beste behin, zonbien eta munstroen ongietorriarekin.
Bi bideojoko mota desberdin ikusiko ditugu, protagonistaren arabera. Alde batetik, Leon S. Kennedy agentea kontrolatuko dugu berriro: akzioa nagusituko da bere ataletan, tiroketekin zein aizkorakadekin. Bestetik, Grace Ashcroft hasiberria ere barneratuko da amesgaiztoan; berarekin, beldurraren erroetara joko dugu, RE2 edo RE7 gogoraraziko dituzten pasarteekin.
Lander Unzueta
Iruzkinak