Pathologic 3 eta Cairn ikusiko ditugu urtarrilean, baita Animal Crossing: New Horizons eraberritua zein Final Fantasy VII Remake Intergrade-n bertsio berriak.
Eguberriak bideojoko artean igaro ditugun arren, urte berriak estreinaldien zaparrada dakarkigu, beste behin. Gabonetako kanpaina bukatuta, estudio handiak nahiz txikiak argitalpen berriak ekartzen hasiak dira, frankizia ezagunak zein obra benetan bitxiak bilduta.
Pathologic unibertsora itzuliko gara, hasteko, hirugarren atal desiratuarekin. Animal Crossing: New Horizonsen espantsio handia, Final Fantasy VII Remake Intergrade sarituaren port-ak edo iazko Dispatch ikaragarriaren bertsio berria ere ikusiko ditugu. Indie tituluen aldetik, Cairn interesgarria zein Cult of the Lamb maitatuaren DLCa helduko dira egunotan.
Pathologic 3
- Argitaratze data: 2026-01-09
- Garatzailea / Argitaletxea: Ice-Pick Lodge / HypeTrain Digital
- Generoa: Beldurra
- Plataformak: PC
Errusiatik datorren beldurrezko jokoen sagak hirugarren titulua estreinatuko du. Pathologic ez da jokalari guztientzat, baina azken urte luzeetan jarraitzaile fidelen taldea eratzea lortu du istorio bitxi eta erakargarriari esker.
Medikuaren rola jokatuta, hamabi egun edukiko ditugu hiria izurrite batengatik salbatzeko. Ikerketak eta diagnosiak izango dira nagusi, baina gehiago ezkutatzen du jokoak: denboran atzera egitea ezinbestekoa izango da egia aurkitu ahal izateko.
Animal Crossing: New Horizons
- Argitaratze data: 2026-01-15
- Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
- Generoa: Abentura, simulazioa
- Plataformak: Switch 2 (aurretik, Switch 1ean)
Nintendoren azken urteotako bideojokorik arrakastatsuenak Switch 2 kontsolarako bertsioa estreinatuko du urtarrilean. Animal Crossing: New Horizonsek milioika jokalari harrapatzea lortu ondoren, berritasun esanguratsuekin iritsiko da egungo gailura: areagotutako bereizmena, aldibereko hamabi jokalari, CameraPlay euskarria zein Joy-con aginteen sagu funtzioak gaineratuko dira.
Ezaugarri xumeak dira, baina, urtarrilaren 15ean bi Switch kontsoletara iritsiko den 3.0 eguneratzeak dakartzanekin alderatuta. Hotelaren eraikina, Resetti satorraren itzulera, objektuen mugaren areagotzea, elkarlanak eta gehiago ikusiko dituzte jokalariek, musutruk.
2XKO
- Argitaratze data: 2026-01-21
- Garatzailea / Argitaletxea: Riot Games
- Generoa: Borroka
- Plataformak: PS5, Xbox Series
2025 bukaeran PCan estreinatu ondoren, League of Legends frankiziaren borroka jokoa kontsoletara iritsiko da. Debalde joka daitekeen tituluak milaka jokalari biltzea lortu du dagoeneko, Rioten heroi nahiz bilau ezagunak kontrolatzeko aukera eskainita: Vi, Jinx, Teemo, Ahri, Yasuo eta beste hainbat pertsonaia gidatuko ditugu.
Bakarka zein bikoteka jokatuta, plano bidimentsionalean mugituko gara kolpeen konbo luze bezain teknikoak erabiltzeko. Plataforma arteko jokoa eta aurrerapenak agintzen dituzte garatzaileek, kontsoletako zein PCko jokalarien arteko dueluak bermatuz; horrez gain, dozenaka eguneratze eta berrikuntza ikusiko ditugu datozen hilabeteotan.
Final Fantasy VII Remake Intergrade
- Argitaratze data: 2026-01-22
- Garatzailea / Argitaletxea: Square Enix
- Generoa: ARPG
- Plataformak: Switch 2, Xbox Series (aurretik, PS5 eta PC plataformetan)
Cloud, Tifa, Aerith eta Barret maitatuen abentura erraldoiaren berregitea gailu gehiagotan ikusiko dugu. Switch 2 eta Xbox Series kontsoletara eramango du Square Enixek FF7 Remake Intergrade arrakastatsua.
Zaleek ondo dakiten modura, originalaren txandakako borrokak alboratu, eta akzioz betetako RPG ikusgarria eratu zuten 2021ean. Bertsio berriak Intergrade eduki gehigarriarekin datoz, Yuffie ninja-ren misioarekin.
Jokoa erosi aurretik demoa probatzeko aukera eskaini dute japoniarrek; ez hori bakarrik, bigarren Rebirth titulua nahiz oraindik itxaroten gabiltzan hirugarren atala Switch 2an zein Xbox Seriesetan jokatu ahalko direla baieztatu dute.
Cult of the Lamb: Woolhaven
- Argitaratze data: 2026-01-22
- Garatzailea / Argitaletxea: Massive Monster / Devolver Digital
- Generoa: Roguelike, akzioa, kudeaketa
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Xbox Series, Xbox One
Cult of the Lamb dibertigarriaren azken eduki gehigarri handia joko originala bukatu dutenei zuzenduta egongo da. Woolhaven ordainpeko DLCa jokoaren bukaera aldera desblokeatuko da, hainbat proposamen berri ekarrita.
Woolhavenen hotzari zein ustelkeriari aurre egin beharko diegu, beste behin, herrixka iluna eraikita. Aurretik ikusi gabeko erronkak eta botereak gaineratuko ditu, gehiago ikusteko gogoz geratu zirenentzako proposamen ezin hobea izanik.
Dispatch
- Argitaratze data: 2026-01-28
- Garatzailea / Argitaletxea: AdHoc Studio
- Generoa: Estrategia, abentura narratiboa
- Plataformak: Switch 2 (aurretik, PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan)
Iazko ezuste handietako bat Switch 2ra helduko da 2026 hasieran. Telltale Games taldeko garatzaile ohiek osatutako AdHoc Studioren lehen jokoa da Dispatch, eta sekulako balorazioak lortu ditu probatu dutenen artean.
Bulegari lana superheroiekin elkartzea proposatzen du: larrialdi zerbitzuko deiak erantzutea eta superbilau ohien taldea kudeatzea izango da Mecha Man protagonistaren lana. Gidoi landua, erabaki mordoa eta aurkezpen ikagarria biltzen ditu Dispatchek.
Cairn
- Argitaratze data: 2026-01-29
- Garatzailea / Argitaletxea: The Game Bakers
- Generoa: Abentura, plataformak
- Plataformak: PC, PS5
Eskalatzea eta misterioak argitzea proposatzen dituen indie interesgarria da Cairn. Kami mendiaren tontorra menderatzea bilatzen du Aava protagonistak: tartean, baina, sekretuak eta kondairak ezkutatzen dira.
Askatasun osoa agintzen digute Furi zoragarriaren sortzaileek; hala eta guztiz ere, gure indarrak eta baliabideak kudeatzea ezinbestekoa izango da aurrera egiten jarraitzeko. Eskalatze sistema sinple baina sakonarekin, kirola maite dutenentzat aproposa izango dela dirudi.
Code Vein II
- Argitaratze data: 2026-01-30
- Garatzailea / Argitaletxea: Bandai Namco
- Generoa: ARPG
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Lehen atal traketsarekin, baina interesgarriarekin, bigarrenez saiatzeko asmoa du Code Veinek. Anime estetika, akzioa eta RPG elementuak batzen ditu Bandai Namcoren jokoak: banpiroak nagusi diren munduan, bestelako beldurrei aurre egin beharko die gure protagonistak.
Bloodborne edo Monster Hunter gogora ekar ditzaketen borroka odoltsuak, narratiba sakona eta une ikusgarriak izango dira nagusi Code Vein IIn. Oraingoan adiskideen laguntza jasoko dugu: pertsonaia desberdinek abilezia eta botere berriak eskainiko dituzte.
Lander Unzueta
Iruzkinak