Heave Ho 2 edo Avatar Legends ere ikusiko ditugu egunotan, beroari aurre egiteko proposamen dibertigarriekin.
Etxeko giroa freskatu al zaizue? Aurreko egunetako beroak jasan ondoren, agian bunkerra prestatzeko eta bideojoko festa antolatzeko garaia iritsi da. Zorionez, hori lortzeko estreinaldi politak jasoko ditugu uztailean: Halo, Splatoon, Rhythm Heaven edo Assassin’s Creed bezalako saga ezagunetako tituluak iritsiko zaizkigu.
Ez dira bakarrak izango, estudio txikiagoetatik ere zer jokatu egongo baita: Heave Ho 2ren eskalatze eromena, Avatar Legendsen su, aire, ur eta lur maisuen arteko borrokak edo Tears of Metal roguelike musou jokoaren gudak igaroko dira bideojokoen mundutik. Digimon Story Time Stranger zoragarriaren bertsio berria edo, azkenik, bukatutako Palworld ere ikusiko ditugu.
Rhythm Heaven Groove
- Argitaratze data: 2026-07-02
- Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
- Generoa: Festa jokoa, erritmo jokoa
- Plataformak: Switch 2, Switch
Rhythm Heaven frankizia maitatua —Rhythm Paradise edo Rhythm Tengoku izenekin ere ezagutu dugu— bueltan da, Nintendo DSan maiteminduta utzi gintuen obraren ideiak eta mekanikak berreskuratuta. Erritmo jokoaren aurrean gaude: jokalari bakarrarentzako 80 proba, eta multijokalarirako 30 minijoko sortu dituzte oraingoan. Amaitzeko, Beatspell izeneko RPG kanpainan ere ariko gara.
Proposamen sinpleak izango dira, oro har, baina ez errazak: musikan eta doinuetan fokuratu beharko gara erronka bakoitza menperatzeko, baina, partidak aurrera egin ahala, zailtasunak gora egingo du. Aurkezpen dibertigarriarekin, harrapatuko gaituen obra berria izango da Rhythm Heave Groove.
Assassin’s Creed Black Flag Resynced
- Argitaratze data: 2026-07-02
- Garatzailea / Argitaletxea: Ubisoft
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Laugarren Assassin’s Creed handiaren berregitea izango da Black Flag Resynced. Edward Kenway pirata eta asasinoa Karibeko itsasoetan murgilduko da berriro: oinarriak mantenduko badira ere, era guztietako berritasunak eta txukunketak datoz remake-an.
Anvil garapen motoarekin berregindako atal grafikoa, borroka dinamikoak, hobetutako isil-gordekako zein parkour mekanikak eta Jackdaw ontziarentzako era guztietako bizitza kalitate berrikuntzak ikusiko ditugu. Atmos eguraldi sistema dinamikoarekin batera. AC maitatuenera itzultzeko aukera ezin hobea.
Doom: The Dark Ages – Revelations
- Argitaratze data: 2026-07-07
- Garatzailea / Argitaletxea: id Software / Bethesda Softworks
- Generoa: Tiroak, akzioa
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
The Dark Ages apartaren maila irekiagoak alboratuko ditu, itxura batean, Revelations espantsio handiak. Tiroketak, biolentzia, lantza eta akabatzeko dozenaka deabru erakarriko ditu berriz Doomslayer protagonistak.
Ripatorium 3.0 eraberritua eta bestelako edukiak ere ikusiko ditugu ordainpeko DLCan. Oinarrizko Doom: The Dark Ages beharrezkoa izango da eduki gehigarriaz gozatu ahal izateko.
Palworld
- Argitaratze data: 2026-07-10
- Garatzailea / Argitaletxea: Pocketpair
- Generoa: Abentura, biziraupena
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Aurretiazko sarbide arrakastatsua 2024an abiatu ondoren, Pocketpair estudio japoniarra prest dago Palworlden 1.0 bertsioa argitaratzeko. Pokémon eta ARK ezagunak elkartzen dituen bideojokoak eduki berri mordoarekin estreinatuko du behin betiko gaurkotzea.
Dirudienez, 27 orrialde betetzeko moduko aldaketen zerrenda daukate garatzaileek. Berrikuntza guztiak ezagutarazi gabe daude oraindik, baina, adibidez, basabizitza santutegietarako sarbidea zailduko dela aurreratu dute, baita istorioari lotutako misioak gehitu ere, munduko arbolara iristea ahalbidetuta. Gordetako partidak dituztenek lasai ibil daitezke, eguneratzeak ez baititu ezabatuko.
Digimon Story Time Stranger
- Argitaratze data: 2026-07-10
- Garatzailea / Argitaletxea: Media.Vision, hand / Bandai Namco
- Generoa: JRPG
- Plataformak: Switch 2, Switch (aldez aurretik PC, PS5, Xbox Series plataformetan)
Munstro digitalen azken bideojoko arrakastatsua Switch 2 eta Switch kontsoletara iritsiko da, gainerako plataforma nagusietatik igaro ondoren. Txandakako JRPG borrokak, Tokio zein mundu digitala esploratzeko aukera eta istorio sakona batzen ditu, aurreko Digimon Story jokoek egin bezala.
Horrela, digimon izakiak harrapatzen, mailaz igotzen, digieboluzionatzen zein fusionatzen ariko gara, tartean denboran zein espazioan bidaiatuz. Balorazio ikaragarriak eskuratu zituen zaleen zein prentsaren aldetik, azkenaldiko JRPGrik onenetakoaren garaikurra eskuratua. Gainera, eguneraketa ugari jaso ditu estreinatu zenetik, eta bertsio berriekin batera Terriermon Assistant nahiz aukera ugari gehitzen dituen gaurkotzea jasoko du jokoak.
Erosi aurretik probatu nahi dutenek, doako demoa aurkituko dute plataforma desberdinetan, Switch kontsoletarako barne.
Denshattack!
- Argitaratze data: 2026-07-15
- Garatzailea / Argitaletxea: Undercoders / Fireshine Games, Boltray Games
- Generoa: Arkade, kirola
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series
Ekainean estreinatu behar zen Denshattack, baina Undercoders estudio katalanak azken uneko berandutzea iragarri zuen, azken edukiak txukuntzeko denbora behar zuela aldarrikatuta. Bitartean, ezustekoren bat edo beste utzi digu: Takenobu Mitsuyoshi musikagilearekin batu direla —Daytona USA mitikoaren ahotsa, besteak beste—, edo buruzagien aurkako borrokak, esaterako.
Tony Hawk edo Jet Set Radio bezalako irristatze jokoen oinarriak bereganatzen ditu Denshattackek: gurpil gainean jarraituko dugu, baina, oraingoan, trenak gidatuz.
Heave Ho 2
- Argitaratze data: 2026-07-16
- Garatzailea / Argitaletxea: Le Cartel Studio / Devolver Digital
- Generoa: Festa jokoa
- Plataformak: PC, Switch 2, Switch
Le Cartelekoak Heave Ho dibertigarriaren bigarren atalarekin itzuliko dira. Eskalatze multijokalari kooperatiboak zein lehiakorrak ikusiko ditugu: babarrun itxurako protagonistak agintearekin palankarekin zein kolpekariekin batera maila eroetatik zehar gidatzeari ekingo diogu.
Elkarlana eta kaosa batuko dira erronketan, ordea: ezinezko jauziak, tranpak eta barre algarak bermatuta daude. Lehenengoarekin lortutakoa —euskaratuta daukagu, bide batez!— fintzea eta hedatzea da helburua: kaleratutako doako demoan hobekuntzak ikus ditzakegu.
Tears of Metal (aurretiazko sarbidea)
- Argitaratze data: 2026-07-22
- Garatzailea / Argitaletxea: Paper Cult
- Generoa: Akzioa, roguelike
- Plataformak: PC
Eskoziako zelaiak eta larreak, William Wallace soldadua eta bere armada, musou borrokak eta roguelike partidak. Nahaste zoro horren atzean aurkitzen da Tears of Metal. Hori horrela, Hades eta Dynasty Warriors jokoen arteko fusioaren aurrean gaudela esan dezakegu.
Aurretiazko sarbidean iritsiko da. Diotenez, hasieratik bukaraeraino jokatu ahalko da, jarraipen zikloa inplementatuta: hiru heroi eta hiru atal bilduko ditu, bakoitzean mapa eta arerio desberdinak ikusita. Ehundaka soldaduren aurka egingo dugu ezpatakadaka, aldi berean, gure armadari aginduak emanez, eskualdeak konkistatzeko eta partida bakoitzerako abileziak zein hobekuntzak desblokeatzeko. Proposamen erakargarriari kooperatiboan aritzeko aukera gaineratu behar zaio.
Demoa dauka, baina uztailaren 6an kenduko dute Steam plataformatik.
Avatar Legends: The Fighting Game
- Argitaratze data: 2026-07-23
- Garatzailea / Argitaletxea: Gameplay Group Internationa, PM Studios / PM Studios
- Generoa: Borroka
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Ura, lurra, sua, airea. Antzina, lau erresumak bakean bizi ziren. Baina, suaren erasoa jo zuen, eta dena aldatu zen. Azken aire maisuaren zein Korraren kondairan girotutako borroka jokoa datorkigu: Aang, Korra, Zuko, Toph, Sokka, Katara eta beste hainbat borrokalari elkartuko ditu—hamabi guztira—.
Obra xumea den arren, probatu dutenek maila aparta erakusten duela aldarrikatzen dute. Konbo luzeak, partidak eraldatzeko laguntzaileak eta bi dimentsioko atal grafiko ederra batuko ditu 2D borroka tituluak. Istorio modalitateak, arkade partidak zein sareko dueluak —rollback netcode-arekin zein gurutzatutako partidekin— agintzen dituzte egileek. Ordainpeko DLCak ere edukiko ditu: etorkizuneko borrokalariak baieztatu dituzte.
Splatoon Raiders
- Argitaratze data: 2026-07-23
- Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
- Generoa: Tiroak, roguelike
- Plataformak: Switch 2
Jokalari bakarrari zuzenduta egongo da Splatoon berria. Raidersek jokalarien arteko duelu lehiakorrak guztiz alboratuko ditu ateratze tiro joko (extraction shooter) bilakatzeko.
Spirhalite irletan zehar barneratuko gara, Inkling izakia sortuta. Irla bakoitzean altxor bila abiatuko dira protagonistak; izan ere, jokalariak ez dira guztiz bakarrik egongo. Frye, Shiver eta Big Man musikalari hirukoteko kide baten laguntza eskatu ahalko da misio bakoitzean: robot indartsu baten gainean jarraituko dute protagonista.
Norgehiagoka multijokalariak ikusi gabe geratuko bagara ere, sareko partida kooperatiboak agindu dituzte egileek. Lau laguneko taldeak osatuta aurre egin ahalko zaio altxor bilaketari. Ordainsariekin dirua irabaziko dugu, baina baita abileziak eskuratu ere. Eduki guztiak aditzera emateko Direct emanaldi berezia eskaini zioten atzo Splatoon Raidersi.
Halo: Campaign Evolved
- Argitaratze data: 2026-07-28
- Garatzailea / Argitaletxea: Halo Studios / Xbox Game Studios
- Generoa: Tiroak
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Halo: Combat Evolved berregitea jasoko dugu uztail amaieran. Atal grafikoa ez ezik, eduki ugari osorik birsortu dituzte Halo Studiosekoek: adibidez, Operation: Meteorite izeneko hiru misioko istorio berria eskainiko digute.
Unreal Engine 5 motorearekin berregindako abenturak armategi, ibilgailu eta mugimendu eraberrituak dakartza. Gainera, lau jokalarirentzako kooperatibo modalitatea —gurutzatutako jokoarekin— zein hirugarren pertsonan aritzea ahalbidetuko digute. Halo lehen aldiz ikusiko dugu PlayStation kontsola batean —eta, beharbada, azkenengoz—.
Lander Unzueta
Iruzkinak