Ordenagailuetan hasiko dira League of Legends-en debaldeko borrokak. Denboraldiak eta gehiago aurreratu ditu Riot Games-ek.
2XKO desiratuaren aurretiazko sarbide fasea gaur hasiko da. League of Legendsen unibertsoko heroiak bikoteka jarriko ditu borrokan.
PCra iritsiko da, orain arteko beta probaldiak bezala, 2XKOren early access eskaintza. Beta fasean zerbitzariak modu apartean funtzionatu dutela diote Riot Gameseko arduradunek: “Dena nahiko ondo doanez, hurrengo pausoei buruz hitz egiteko garaia da”.
Beta itxia gaur bertan bukatu, eta aurretiazko sarbidearekin 0 denboraldiari ekingo dio. Horrekin hainbat eduki berri datoz: adibidez, konbo eta mugimendu berezien erronkak zein desafioak ikusiko dituzte jokalariek. Aurredenboraldi honetan jokalariek desblokeatzen dituzten edukiak betiko gordeko dira; hortaz, benetako jokoa abian dela esan daiteke.
Hamargarren pertsonaia ere ikusiko dugu... baita hamaikagarrena ere: Teemo txiki eta bihurria jokalariak sufriaraztera dator, oraingoan kolpeka eta konboka; berarekin batera iritsiko da Warwick gizotsoa, ustekabean atzo iragarria.
2026. urtean bost denboraldi egongo dira guztira. Bakoitzean heroi berria gehituko dutela baieztatu dute garatzaileek. Komunitateak antolatutako txapelketak indartzeko eta sustatzeko asmoa ere nabarmentzen dute Riotekoek. Aurten zaleen 22 ekimen babestuko dituzte First Impact deitutako iniziatibarekin, EVO France-tik hasita.
Aipatu modura, bikoteka ariko gara Tag Team erako dueluetan. Taldea jokalari bakarrak gida dezake, edo, bestela, bi jokalariek elkarri lagunduko diote konboak luzatuz edo eraso bereziak eginez. LoLeko aurpegi ezagunak ikusiko ditugu: Vi, Jinx, Ahri, Yasuo, Ekko edo Braum dira, besteak beste, aurretiazko sarbidean parte hartuko dutenak.
Rioten bezerotik jaitsi ahalko dugu 2XKO gaurtik aurrera, eta doakoa izango da: LoL unibertsoko gainerako tituluekin batera aurkituko dugu, beraz. Etorkizunean kontsolako bertsioak ere helduko dira, baina, ziurrenik, datorren urtean estreinatuko den 1.0 bertsioari itxaron beharko diogu.
2XKO musutruk joka daiteke gaurtik aurrera PCko aurretiazko sarbidean.
Iruzkinak