League of Legends-en borroka jokoak ez ditu aurreikusitako emaitzak eskuratu 1.0 bertsioarekin. Garatzaileak aurretiaz abisatu gabe kanporatu dituzte.
Riot Gamesek 2XKO borroka tituluaren lantaldea murrizteko erabakia hartu du. 80 bat langile kaleratu ditu, Game Developer agerkariak zehaztu duenez.
Berria enpresaren webgune ofizialaren bitartez eman dute Riotekoek. Tom Cannon 2XKOren ekoizle nagusiak aipatu duenez, “eztabaida eta hausnarketa sakonen ondoren, 2XKOren taldea murriztuko dute”. Jokoa publikoarengana helaraztea lortu dutela nabarmentzen du, baina “ez du orain arte bezalako taldea mantentzeko maila lortu”.
Iazko urrian heldu zen beta irekia PCra; urtarrilean, PS5 eta Xbox Series kontsoletako bertsioak ikusi ditugu 1.0 bertsioaren estreinaldiarekin batera. Iritzi eta balorazio onak bildu ditu, orokorrean, League of Legendsen unibertsoko borroka jokoak, baina eduki kopuru urriarekin argitaratu dela uste dute erabiltzaileek, batez ere, borrokalariei dagokienez: 11 heroi daude une honetan. Norgehiagoketan lau borrokalari agertzen direnez, behin eta berriro aurpegi berberak ikusteko arriskua dago, hortaz.
Taldearen murrizketak “zalantzak eta galderak” eragingo dituela aipatzen du Cannonek; ez da harritzekoa, jokoa kaleratu bezain laster mantentzeko beharrezko lantaldea txikitzea kolpe gogorra baita jokoarentzat.
Kaleratutako langileek abisurik gabe jaso dute berria, gainera: Patrick Miller garatzaileak sare sozialetan azaldu duenez, Rioten hamabi urtez lanean eman ondoren —hamar 2XKOn—, kaleratua izan baino ordu erdi lehenago iritsi zaio mezua enpresatik. Arduradunek langileei “trantsizioarekin laguntzeko” asmoa agertu dute.
Lander Unzueta
Iruzkinak