Euskal bideo-joko zale komunitateak Game Erauntsia Elkartearekin batera Twitch plataforman euskara eta sortzaile euskaldunak ikusarazteko kanpaina abian jarri dute. Egitarau ofizialaz gain, antolatzaileek euskal sortzaile orori hedapena emateko asmoa erakutsi dute. Gainera, beraien mezua hainbat hizkuntzetan zabalduko dute euskararen ofizialtasunaren alde Euskal Herri kanpoko lagunak bozkatzera animatzeko.
Arkkuso, Nebukai eta Game Erauntsiak Naiz Irratiaren babesarekin prestatutako #3000Twitz kanpaina hastear dago. Sare sozialetan egindako lanari esker pixkanaka emaitzak ikusten ari gara. Egun gutxien buruan 300 boto izatetik ekimenak 600 botoen langa gainditu du. Antolatzaileak oso pozik gaude Interneten jaso dugun erantzunarekin eta emisioekin hasteko prest gaude.
Parte-hartzea sustatu
Egitarau ofizialetik haraindi euskal sortzaile guztien lana babesteko prest gaude. Horretarako, Twitchen lehenengo pausoak emateko egitasmoaren YouTube kanalean eskuragarri dauden bideo tutorialak prestatu ditugu. Gainera, bai Twitchen, bai beste plataformetan euskaraz sortutako edukiak hedatu nahi ditugu, #3000Twitz traola erabiliz eta Twitterren @3000Twitz aipatuz gero.
Euskal Herritik mundura
Euskararen alde egoteko euskaraz jakin behar ez denez, gure mezua zabaltzeko beste hainbat hizkuntzetan bideoak sortu ditugu. Helburuak euskalduna ez den komunitatea inplikatzea eta euskara Twitchen hizkuntz ofiziala izateko proposamena bozkatzera animatzea dira. Bideoak gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta japonieraz sortu ditugu. Hizkuntz hauei katalana gehitu zaie Gaming Cat elkarteari esker. Bestelako hizkuntzetan bideoak jasotzeko prest gaude 3000twitz@gmail.com helbidearen edo sare sozialen bitartez.
Egitaraua
Azaroak 28an hasiko da egitaraua Jokoteknia jardunaldien emisioarekin Game Erauntsiaren Twitch kanalean. Ostean, streamer eta saio desberdinak izango ditugu, bakoitza bere Twitch kanalean. Amaitzeko, abenduaren 5ean larunbatan 24 orduz emitituko dugu euskaraz Twitchen.
Bestalde, abenduaren 3an euskararen eguna ospatzeko Arkkuso eta Aiora Probatxoa youtuberrak eta Nebukai streamerrak elkarrizketa saio bat antolatu dute. Horrekin batera, #3000twitz ekimenaren babesle ofiziala den Naiz Irratiak Bigarren Kafea bideo-irratsaioa egingo du abenduaren 4ean 16:00etatik 18:00etara.
Iruzkinak