Euskal bideo-jokoen komunitateak Game Erauntsia Elkartearekin batera Twitch-en zein ingurune digitalean euskaraz bizitzea ahalbidetzera zuzendutako ekimena da
Rikardo Arregi sarietarako finalistak jakinarazi ditu Andoaingo Udalak. Kazetaritza arloan zein komunikazioan euskararen normalizazioaren alde egindako lana aitortzera bideratutako jarduera da: 2021eko komunikazio sarirako hautagaien artean dago 3000Twitz kolektiboa.
Euskal bideo-jokoen komunitateak Game Erauntsia Elkartearekin elkarlanean eta Naiz Irratiaren babesarekin 2020an abiarazitako ekimena da; nabarmentzekoa da batez ere Arkkuso eta Nebukai eduki sortzaileek burututako lana. Twitch plataforman euskara hizkuntz ofiziala bihurtzea da bere helburu nagusia: horretarako botoak biltzeko kanpaina hasi zuen euskal sortzaileak bilduta. Oraindik xede hori lortzeko lanean jarraitzen duten arren, dagoeneko 4.460 bozka baino gehiago batu ditu Twitchen lokalizazio foroetan.
Bitartean, ekimenak bestelako ekintzak egiten jarraitzen du. Horien artean dago Interneteko sortzaile euskaldunak ikusarazteko egindako lana: Twitchen zuzeneko emanaldiak egiten dituztenei laguntza eskaini eta beraien kanalak zabaltzeko baliogarria da 3000Twitz; izan ere, Twitter edo Telegram bidez, baita Game Erauntsiaren web orrialdetik ere, askotariko edukiak jorratzen dituzten twitzlari euskaldunen jarraipena egitea inoiz baino errazagoa da.
Azken finean, lan horiek eginda ingurune digitalean euskaraz bizitzea posible egitea bilatzen du egitasmoak. Gero eta gehiago dira egunero Twitch edo beste hainbat plataformen bidez ikus-entzunezko edukiak kontsumitzen dituztenak, eta orain gutxira arte euskararen presentzia oso urria zen horietan. Komunitateak gauzatutako elkarlanari esker sortzaile euskaldunen kopurua nabarmen hazi da azken urtean.
Euskararen normalizazioaren alde, garaian garaiko beharrizanetara egokituta
Rikardo Arregi komunikazio sarirako finalisten artean Oier Aranzabalen “Barruan gaude” podcast-a, “Basilika” podcast-a eta Pantailak euskaraz egitasmoa daude 3000Twitzekin batera. Kazetaritza sariaren hautagaiak, bestalde, Berria egunkarian argitaratutako “Ahomentan” elkarrizketen seriea, Beñat Zalduak idatzitako “Nola iritsi gara honaino” seriea, Euskadi Irratian Zaballako espetxetik egindako “Faktoria” saioa eta Urtzi Urrutikoetxeak Berria egunkarian idazten duen “Leku-Lekutan” atala dira.
Guzti hauek egindako lanak baloratzeaz arduratuko dira Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleak, Maite Goñi eta Jon Sarasua MUko HUHEZIko irakasleak eta komunikazioan adituak, Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien
fakultateko irakaslea eta Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea. Mahaiburua, berriz, Alexander Huitzi Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduradunak eta idazkariak eta Arantza Aguado Andoaingo Udaleko Euskara teknikariak osatzen dute.
Bi sarien irabazleak ezagutzeko azaroaren 19ra arte itxaron beharko da. Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo duten ekitaldian iragarri dituzte sarituak; saridun bakoitzak 9.000 euroko ordainsaria jasoko du.
Iruzkinak