Rockstar Games-en bideojokoak aisialdirako ekoizpen baten estreinaldirik arrakastatsuena bizi du. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan baino ez da merkaturatu.
Grand Theft Auto VIren lehen datu ofizialak eskaini dituzte Take Two eta Rockstar Games enpresek. Aurresalmentara mugatu dira: 32,5 milioi joko saldu dituzte, erreserbekin soilik.
Prentsa oharrean aipatzen dutenez, datuak “estimazioak” dira, baina benetako zifra ez da urruti ibiliko: ostiralean Sensor Tower webgunetik emandako datuak hautsi dira. Erreserbak ireki ziren epetik joan den asteko ostegun gauera arteko tartean saldutako jokoak zenbatu dituzte; hau da, estreinaldi osteko salmentak kontuan hartu gabe dabiltza.
Erotzeko salmentak, argi dagoenez: entretenimenduaren munduko ekoizpenik arrakastatsuena izan da GTA VI, halako produktu batek bizitako estreinaldirik ikaragarrienarekin. Kokatzearren, aurreko GTA Vek hamabi milioi inguru saldu zituen epe berean, orain arte, bideojokoen estreinaldirik oparoena izanik: seigarrenak emaitzak hirukoiztu ditu.
Analisten aurreikuspenen arabera, 25 bat milioi saltzea espero zen, 40 milioiko mugarria lehen lau hilabeteetan gainditzea esperota. Egoera ikusita, lehen eguneko salmentekin zifra horretara iritsiko zirela diote askok.
Horri lotuta, irabazien datua ere eskaini dute arduradunek: 3,79 mila milioi dolarretako irabaziak lortu dituzte GTA desiratuaren erreserbekin. Garapen kostua mila milioien inguruan kokatzen zuen Jason Schreier kazetariak: egia bada, xahututakoa bikoiztea lortu dute Rockstarretik.
Marka ikusgarriarekin bukatzeko, lortutakoa plataforma eta erabiltzaile multzo mugatuarekin lortu dutela gogoratu beharra dago. GTA VI PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan kaleratu da, ordenagailuak zein Switch 2 kontsolak, oraingoz behintzat, alboratuta. Horietara iristean berriz beste eztanda bat espero da.
Gauza bera gertatuko da, ziurrenik, GTA Online sareko jokoa seigarren jokora iristerakoan: argitaratze data oraindik ezezaguna da.
Lander Unzueta
Iruzkinak