Mila milioi dolarretako irabaziak eraman ditu Take Two enpresak: jokoaren finantzazioa berreskuratu omen dute dagoeneko. Gaur estreinatu da.
Hamazazpi milioi salmentak gainditu ei ditu Grand Theft Auto VIk, Sensor Tower merkatu ikertzaileak aditzera eman duenagatik.
Zifrak ez dira ofizialak oraindik, eta, momentuz, Rockstar Games-ek nahiz Take Twok isilpean mantenduko dituztela aurreikusten da. Bideojoko estreinaldi baterako salmenta ikaragarriak izan arren, azken urte luzeetako titulurik desiratuena denez, ez lirateke harritzekoak izango.
Horren ikaragarriak, garapen gastu guztiak berreskuratzera iritsi edo iristear direla. Aipatutako salneurriekin 1,6 mila milioi dolarretako irabaziak lortuko zituzten, Sensor Towerren kalkuluen arabera. Rockstarren aurrekontua ezezaguna bada ere, Jason Schreier kazetariak mila milioi ingurukoa zela aldarrikatu du.
Kontsolei begira jarriz gero, PlayStation-en jokatuko dute gehienek: 12,73 milioi jokalarik PS5 edo PS5 Pro kontsoletarako bertsioa erosi dute; hots, Xbox Series kontsoletarako 4,35 milioi ale saldu ditu GTA VIk.
Argitalpen ikaragarria ez da aipatutakora mugatuko, noski. Analisten arabera, lehen lau hilabeteetan 40 milioi salmentak gainditzea espero da. Kokatzearren, hogei bideojokorik salduenen artean kokatzera iritsiko litzateke marka hori betez gero, Cyberpunk 2077, Hogwarts Legacy edo Sonic the Hedgehog bezalako erraldoien parera iritsita.
Marka gehiago hausten
Gaur estreinatu da bideojokoa —asko duela ordu batzuetatik jokatzen dabiltzan arren, Zeelanda Berrira ‘bidaiatuta’—, baina analisiak, kritikak eta azterketak atzo kaleratu zituzten hedabide nahiz eduki sortzaile handiek. Balorazioekin, beste marka bat haustea lortu du GTA VIk: notarik altuena duen bideojokoa da Metacritic analisien biltzailean.
99ko noten media biltzen du Rockstarren tituluak. Aurretik, ‘historiako bideojokorik onena’ The Legend of Zelda: Ocarina of Time originala zen, 99ko mediarekin, baita, baina analisi gutxiagorekin.
Kontsolak, mugaraino
Jokalariek gozatzeko unea da orain. Eskainitakoarekin pozez txoratzen dabiltza asko; beste hainbat, haserre. Egungo kontsolek segundoko 30 irudiko tasan mugituko zutela adierazi zuten egileek: horrela da, baina sufritzen dabiltza.
Xbox Series S da borrokarik gogorrena bizitzen ari dena. Digital Foundry-ko adituek kaleratutako analisian ikus daitekeenez, Microsoft-en kontsola apalenak FSR 4 eskalatze sistema —oraintsu inplementatua Xboxetan— erabiltzen du, 720p-ko bereizmenetik 1080p-ra eskalatzeko.
Irudi lausoa eskaintzen badu ere, harrigarria da Series Sa halako jokoa mugitzen ikustea; tamalez, 30 fps-etatik behera egitea ohikoa dela nabarmentzen dute DFtik, karga grafiko altuarekin 20 fps-etara jaisteko aukera egonda.
Gainerako kontsolak lasaiago dabiltza, baina egoera ez da aproposena: PS5ean edo Series Xan ere zenbait arazo azpimarratzen dira.
Langileak, borrokan
Jokoa merkaturatuta, Rockstar Gamesen langileen borrokak bukatu gabe dihardu. Rockstar Games Workers Union sindikatua eratzeko bozka abian da.
Orain astebete hasi zen bozketa epea; azaroaren 26ra arte egongo da irekita Edinburgoko Rockstar North bulegoko langileentzat. Une garrantzitsua da: bideojokoa kaleratu ostean, lantaldearen zati handi bat kaleratuko dute, garatzaile talde txikiagoa eguneraketetan eta eduki berrietan lan egiteko mantenduta.
Langileen eskubideak bermatzeko bideratutako sindikatuaren ordezkaria da Nestor Uriarte euskalduna. Jokoteknia jardunaldietan parte hartu zuen azaroaren 5ean, Rockstar Games Workers Unionen hastapenak, erronkak eta helburuak azalduz. Atzo bertan The Guardian agerkari ezagunean iritzi artikulua argitaratu zuen Uriartek, bozketari buruzko datuak eskainita.
Lander Unzueta
Iruzkinak