NES kontsolako bideojokoak hiru dimentsioko voxel-ekin eratzen ditu, atal grafikoa eraldatuta. VR bertsioa ere badauka.

3DSen emulagailuak gaurkotze handia iragarri du. Steam plataforman lortu daitekeen ordainpeko programak 1.0 bertsioa plazaratu du, askotariko berritasunak inplementatuta.

Ezagutzen ez baduzue, 2015. urtean abiatutako proiektuak Nintendo-ren NES kontsolako tituluak ordenagailuan emulatzeko balio du, berezitasun esanguratsu batekin: jatorrizko bi dimentsioko atal estetikoa zein sprite-ak zeuzkaten bideojokoak hiru dimentsioko voxelekin trukatzen ditu, 3D itxura eskainita.

Diorama erako aurkezpenak osatzeko balio du, modu horretara, baina bideojokoak ohi bezala jokatzen jarraitzeko aukera eskainita. Proposamen interesgarria bezain ederra da, aspaldiko obra klasikoak beste ikuspegi batekin aurkezten baitizkigu. Are gehiago, denbora errealeko argiztapen efektuak, VR gailuentzako euskarria, kamera kontrolak, birbobinatze nahiz aurreratze ezaugarriak, 3D modeloak esportatzeko aukerak eta gehiago biltzen ditu 3DSenek.

Ez du NESeko titulu guztiekin funtzionatzen, hori bai: Geod Studio-ko egileek 100 jokoen langa gainditu dutela diote, baina bateragarritasun zerrenda hazten eta hobetzen joateko asmoa agertu dute. Super Mario Bros, Contra, Metroid, Zelda, Final Fantasy, Duck Hunt, Dragon Warrior, Mega Man, Castlevania… katalogoan N handiaren lehen kontsolako lanik maitatuenak aurkituko ditugu.

Joko gehiago egokitzeko komunitatearekin elkarlana abiatu dute: 3DSen Maker izeneko doako tresnarekin molda ditzakegu titulu desberdinak, profil bereziak erabilita. Lana errazteko, aldez aurretik prestatutako profilak zein adibideak eta dokumentazio biltegi sakona zabaldu dituzte.

ROM fitxategiak erabiltzea gure esku dago, noski. Emulagailuak, legala izateko eta Steam bezalako saltokietan saldu ahal izateko, ezin ditu lizentziadun bideojokoak eskaini; halere, badira lizentzia askeko homebrew proiektuak.

Steam saltokian eros ditzakegu 3DSen nahiz 3DSen VR emulagailuak, baita itch.io plataforman ere.