Garapen motorearen arduradunek atzera egiteko asmoa agertu dute, baina erantzun zehatzik eman gabe.

Bideojoko sortzaileak ez daude Unityren baldintza berriak onartzeko prest. 500 bat garatzaile elkartu dira garapen motorearen exekutatze kuotei aurre egiteko.

Garatzaileek, artistek zein joko diseinatzaileek osatutako sortzaileen taldeak gutuna argitaratu du IronSource eta Unity Ads zerbitzuen monetizazioa bertan behera geldituko dutela adieraziz “baldintza berriak aztertu arte”.

Azur Games, Lion Studios, Belka Games, Machine Zone, Clipwire, Tap Nation, People Fun, Magic Tavern edo Mindstorm Studios aurkitzen dira gutuna argitaratu duten taldeen artean; hala ere, geroz eta babes handiagoa jasotzen dabiltza.

Unityren erabakiak eragingo dien estudio orori gauza bera egiteko eskatu diete: “Gure jarrera partekatzen dutenei berbera egitera animatu nahi diegu. Arauak aldatu egin dira, eta asko dago jokoan. Exekutatze kuota aldaketa onartezina da Unityrekin dugun akordioan, eta bertan behera geratu behar da”.

Gutuna sinatu gabe garatzaileei laguntzen dabiltzan sortzaileak agertzen hasi dira, gainera. Terraria ezagunaren Re-Logic garatzaileak dohaintza egin die Godot eta FNA kode irekiko garapen motoreei: bakoitzari 100.000 dolar bidali dizkie proiektuekin laguntzeko; ez hori bakarrik, hilero 1.000 dolar bidaliko die.

 

Arrakastari lotutako zergak

Garatzaileei ezarriko dizkieten kuotak joan den astean iragarri zituzten Unitykoek. Jokoen instalazio bakoitzarengatik ordaindu beharreko tasa inplementatu nahiko lukete 2024an: garapen motorraren doako bertsioan 0,20 dolar ordaindu beharko lituzkete Unityrekin garatutako tituluetako bat instalatzen den bakoitzean.

Kuota retroaktiboa izango litzateke: 2024 aurretik argitaratutako bideojokoetan ere ezarriko litzateke, hasiera bateko akordioa osorik eraldatuz.

Ordainpeko Unity Pro edo Unity Enterprise zerbitzuak erabiltzen dituztenek ere kuota bat ordaindu beharko lukete, gainera.

Nola ez, garatzaileen zein bideojokalarien komunitateetan kexak aldarrikatzen hasi ziren prentsa oharra argitaratu bezain laster.

Unityren jabeek atzera egin, eta egindako adierazpenak zuzentzeari edo aldatzeari ekin zioten: ez litzatekeela kuotarik ordaindu beharko instalazioko, gailuko baizik, kontsolen kasuan hauen jabeak arduratuko liratekeela tasak ordaintzeaz…

Azkenean atzera egitea erabaki dutela dirudi: barkamena eskatu diote komunitateari “eragindako nahasteagatik eta estualdiengatik”.

Hala ere, oraindik ez dituzte baldintza berriak zehaztu. Bloomberg agerkariaren arabera, jokoagatik milioi dolarretako irabaziak gainditzerakoan % 4ko tasa ezartzea da asmo berria. Gainera, ez litzateke kuota retroaktiboa izango, eta garatzaileek eman beharko lukete instalazio kopuruaren berri.

Baldintza berriak —edo hauen ezeztatzea— bilduko dituen prentsa oharra datozen egunetan argitaratzea espero da.