Kiotokoek 2021eko lehen hiruhilekoari dagokion finantza-txostena argitaratu du. 20 milioi ale saldu ditu Animal Crossing: New Horizonsek.

2009. urtetik lortutako diru sarrerarik onenak eskuratu ditu Nintendok azken zergaldian. Informazio hori ezagutzera eman dute argitaratutako azken finantza txostenean. Bertan nabarmentzen dutenez 84,59 milioi Switch saldu dituzte 2017an argitaratu zenetik.

Hori horrela, azken urtean 13.375 milioi eurotako diru sarrerak izan dituzte, iazko zifrak %34 batean hobetzea lortuta. Zehazki azken urtebeteko epean (2020ko apiriletik 2021eko martxora) 28,83 milioi Switch saldu ditu N Handiak. Hortik 20,32 milioi bertsio normalak izango ziren, eta 8,51 milioi Lite bertsioak. Egungo zerga-urterako aurreikuspenak aipatzen dituzte txostenean: 25,5 milioi kontsola saltzea espero dute japoniarrek.

Zifra hauekin Game Boy Advance eta Nintendo 3DS kontsola eramangarrien salmentak gainditzea lortu dute Switcharekin; 81,51 milioi eta 75,94 milioi ale saldu zituen bakoitzak, hurrenez hurren. Etorkizunera begira Wiiaren 101 milioiak gainditzea da Nintendoren helburua, eta printzipioz argi dago hori soberan lortuko dutela.

 

230 milioi joko iaz

Hardwarearen salmentak harritzekoak badira, bideo-jokoenak are gehiago: 587 milioi joko saldu dituzte Switcherako 2017tik. Azken zergaldian 230 milioi banatu dituztela ikus daiteke txostenean; iazko zifrekin alderatuta %37ko hazkundea ikus daiteke. 36 jokok saldutako aleen milioia gainditu dute.

Nabarmentzekoa da Animal Crossing: New Horizonsen kasua. Pasa den urtean konfinamendu hasieran argitaratu zen, ikaragarrizko arrakasta lortuta: azken zergaldian 20,85 milioi ale saldu dituztela iragarri du Nintendok, eta horiei iazko 12 milioiak gehitu behar zaizkie. Bere atzetik Mario Kart 8 Deluxe geldiezina doa: jatorriz Wii Uan kaleratu zen 2014an, baina Switcheko bertsioak 10,62 milioi banatu zituen 2020ko zergaldian eta guztira 35 milioi ale saldu dira, kontsolako jokorik arrakastatsuena izanik.

 

Epe mugatu batean egon da soilik salgai Super Mario 3D All-Stars. Joan den martxoan kendu zuten saltokietatik, baina hala ere Super Mario 64, Sunshine eta Galaxy batzen dituen bildumaren 9 milioi ale saldu dituzte. Bere atzetik dago konfinamendu garaiko beste arrakastetako bat: 7,38 milioi Ring Fit Adventure heldu dira jokalarien etxeetara.

Produktu digitalen eta harpidetzen kopurua %68,5ean hasi da azken zerga urtean, gainera. Mugikorretarako bideo-jokoak ere nabarmentzen dituzte: %11ko hazkundea eduki dute.

Etorkizunera begira Nintendok pandemiak eragindako kontsolaren osagaien eskasia nabarmendu du. Horrek merkaturatuko dituzten Switch kontsolen kopurua mugatu egingo duela dio Shuntaro Furukawa zuzendariak: “iazko zergaldian izandako eragina oso mugatua izan zen arren, produktuen banaketak ondorioak izan ditzake osagaien ekoizpenak eta banaketak kalteak jasanez gero”.

Orain gutxi PlayStationek eta Xboxek ere azken zergaldiko finantza txostenak argitaratu zituzten, beraien produktuei buruzko antzeko informazioa eskainita.