2022ko zerga urteko bigarren hiruhilabetean 3,83 milioi kontsola banatu ditu. Nintendo Switch Online zerbitzuak 32 milioi erabiltzaileen langa gainditu du.

Finantza txostenak argitaratzeko unea heldu da, eta egungo zerga urteko bigarren hiruhilabeteko emaitzak publiko egin dituzte Nintendokoek. Bertan irakurri daitekeenez, nazioartean Switch kontsola hibridoaren 92,87 milioi ale saldu dituzte Kiotokoek; aurreko zergaldiko txostenean 84 milioi aipatzen ziren, beraz gorakada nabarmena eduki dutela ondorioztatu daiteke.

Hori horrela, 2021eko uztailetik irailera bitartean 3,83 milioi kontsola saldu dituzte: horietatik, 3,14 milioi Switcharen modelo arruntak izan dira; 0,68 milioi Switch Lite saldu dituzte, bestalde. Aurreko hiruhilabeteetako salmentak pixkat jaitsi dira: 2021eko zergaldiko azken hiruhilabetean 4,72 milioi kontsola saldu zituzten, eta 2022ko lehenengoan 4,45 milioi; 2021eko eta 2022ko zerga urteetako lehen bi hiruhilabeteak alderatuta, % 34ko jaitsiera eman da.

Dena dela, kontuan izan behar da Switch OLED bertsioa urrian kaleratu zenez, finantza txostenak ez ditu biltzen honen inguruko salmentak. Datozen hilabeteetarako aurreikuspenak jaitsi dituzte halere: hardware aldetik 25,5 milioi saltzea aurreikusten zuten 2022ko zerga urterako, baina orain 24 milioitara beheratu dituzte.

 

Bideo-joko handi baten zain

Bideo-jokoen salmentek ere behera egin dute: aurreko zergaldiko lehen bi hiruhilabeteetan 100.25 milioi joko saldu zituzten; egungoan, berriz, 93,89 milioi. % 6,3ko jaitsiera gertatu da hortaz. Animal Crossing New Horizons-ek aurrekoan izandako arrakasta indargabetuta, The Legend of Zelda: Skyward Sword HD izan da uda garaian Switchean gehien saldutako jokoa: 3,60 milioi ale saldu ditu birmasterizazioak.

Bere atzetik dago Mario Kart 8 Deluxe; 3,34 milioi saldu ditu iturginaren lasterketa jokoak azken hiruhilabetean, eta modu horretara guztira 38 milioietara iritsi da, frankiziako atalik salduenean bilakatuta: Mario Kart Wii-k 37,20 milioi lortu zituen. Aurreko zerga urtean 20,85 milioi pertsonek erosi ondoren, Animal Crossingek 2,22 milioi eskas banatu ditu orain. Laugarren postuan New Pokemon Snap aurkitzen da: 2,19 milioi lortu ditu argazkilaritza jokoak.

Finantza txostenaz gain, Nintendo Switch Online zerbitzuaren erabiltzaile kopurua zehaztu dute Nintendokoek: 32 milioi harpidedun bildu zituen 2021eko irailean. Azken aldiz aurreko urteko irailean zehaztu zuten zerbitzariaren kontu kopurua, 26 milioirekin.

Orain egun batzuk estreinatu zuten Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza maila berria. Bertan Nintendo 64-ko eta SEGA Mega Drive-ko bideo-joko klasikoak gehitzeaz gain, hainbat eduki gehigarri eta espantsio ere gaineratu dituzte. Esate baterako, Animal Crossing: New Horizonsen Happy Home Paradise espantsioa doan jasotzen dute harpidedunek.