Baliabide bilketa eta eraikitze mekanikak ikusiko ditugu tiro jokoan. 2025ean sarbide goiztiarrean estreinatzeko asmoa daukate.
A Long Survive garatzen ari da Tuteran kokatutako Friendly Fire Studios sortzaile taldea. Askotariko mekanikak uztartzen dituen tiro joko kooperatiboa izango da.
Lerp estralurtarren aurka jarriko gaitu tituluak 2035. urtean. Lurra inbaditzen saiatu ondoren, gizadiak kontraerasoari jotzeko unea da. Espazioko soldadutzaren parte bilakatuko gara, gure taldearekin misio desberdinetan parte hartzeko.
Horda modalitatea da proposatuko zaigun nagusia: dozenaka arerioren samalden aurka egin beharko dugu, nexus gunea babesteko. Riflea eskuan hartuta ibiliko gara gure taldekideekin, baina tiroak baino gehiago ikusiko ditugu A Long Surviven; izan ere, baliabide bilketa zein erakitze mekanikak proposatzen dituzte tuterarrek.
Forge gun izeneko pistolari eta partidan lortuko ditugun materialei esker gure basea sendotzeko ahalmena edukiko dugu. Horrela, harresiak, dorretxoak zein bestelako eraikinak sortuko ditugu estralurtarren ibilbidea oztopatzeko.
Estrategia puntu horrekin tiroen proposamena bultzatzea bilatzen dute egileek. Esan bezala, kooperatiboan ariko gara, lagunekin nahiz ezezagunekin; ez hori bakarrik, errealitate birtualerako euskarria ere izango du A Long Survivek.
2025ean kaleratzeko asmoa dauka Friendly Fire Studiosek; hala ere, hasiera batean sarbide goiztiarrean ikusiko dugu. “Dibertigarria zein jokatzeko modukoa den titulua” prestatu dutela diote arduradunek, baina orain jokoaren aukerak handitzea bilatzen dute, horretarako jokalarien komunitatearen laguntza jasota.
Behin betiko bertsioa sarbide goiztiarra argitaratu eta urtebetera kaleratzea aurreikusten dute. “Ezin dezakegu data zehatzik eskaini oraindik”, diote, “baina gure asmoa jokalarien komunitatearekin batera bideojokoaren etorkizuna moldatzea da”.
A Long Survive Steam plataforman aurki dezakegu oraingoz. 2025ean sarbide goiztarra hastea aurreikusten da.
Iruzkinak