Lehen trailerra erakutsi du udan estreinatuko den Glee-Cheesen jokoak. Demoa jasoko du datorren astean.
Erritmo jokoak narratiba mota bereziarekin batuko ditu Glee-Cheese estudio frantsesa prestatzen ari den A Musical Storyk. 70. hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetan oinarrituta, jokalariek Gabriel izeneko gaztearen kontrola hartuko dute bertan.
Protagonistaren oroitzapenak berreskuratu eta horiek esploratzea izango da abenturaren helburuetako bat. Horretarako Gabrielen musikan murgildu beharko da: guztira 26 abesti eskainiko ditu abenturak. Horiek akatsik gabe jotzerakoan egingo du aurrera istorioak Alexandre Rey artistak marraztutako irudiekin, mutikoaren oroimenan eragingo baitute: “doinu bakoitzak Gabrielen iraganeko kapitulu baten atea zabaltzeko balioko du, egiara hurreratuta”, diote garatzaileek.
Jostagarritasuna hobeto ulertzeko bide bezala doako demoa kaleratuko dute martxoaren 19an London Games Festival egitasmoaren baitan.
A Musical Storyk ez dauka argitaratze datarik: Digerati banatzaileak 2021eko udan argitaratzeko asmoa agertu du halere. PC, Xbox One, Switch eta iOS gailuetan merkaturatuko dela baieztatu dute.
Iruzkinak