PS5, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatuko da; Switch-era ere iritsiko da, baina hodei bidezko bertsioarekin.
Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpenean ikusi genuen A Plague Tale: Requiem aspaldiko partez, baina argitaratze datarik zehaztu gabe geratu ginen. Orain, Asobo Studiokoek jokoa eskuratuko dugun eguna baieztatu dute: urriaren 18an merkaturatuko da.
Lehen ataleko Amicia eta Hugo protagonisten ibilbidea jarraituko dugu Requiemekin. Arratoiak izango dira, nola ez, beste protagonistetako bat: abentura, borrokak eta isilpea izaki hauekin batuko dira istorio ikaragarrian.
Ikusiko duguna ezagutzera emateko hamabi minutuko jokagarritasun bideo sakona prestatu dute garatzaileek. Bertan isilpeko hainbat atal ikus daitezke: bi pertsonaiekin batera hainbat soldadu akatzen ibiliko gara gehienbat, eta horretarako eskura edukiko ditugun baliabideak aurkeztu dituzte trailerrean.
Beharrezkoa denean, baina, botere bereziak erabiltzeko ahalmena izango dugu. Etsaien kokalekua agertzeko ikusmen berezia, hainbat erreminta desberdin eta aipatutako arratoiak kontrolatzea izango dira egin ahalko ditugun ekintzetako batzuk. Arerio gixajoek ez dute zereginik izango piztien horden aurka.
Plataformen egoera aipatzekoa da: Asobokoek aspaldi baieztatu zituzten guztiak, eta horren inguruan datu batzuk zehaztu behar dira. A Plague Tale: Requiem PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetarako prestatzen dabiltza; hau da, egungo belaunaldirako jokoa da.
Hala eta guztiz ere, Switcheko bertsioa izango duela baieztatu dute. Nola egingo dute hau? Laino bidezko bertsioarekin. Natiboki mugituko ez duen arren, abentura berri honetara streaming bidez jokatzea posible izango da. Ez da harritzekoa, atal grafiko ikusgarria dakar-eta.
Esan bezala, A Plague Tale: Requiem urriaren 18an argitaratuko da.
Iruzkinak