Jokalariok ahal bezain gutxi ordaintzea atsegin dugula ez da harritzen gaituen ezer. Beherapenak nonahi topa ditzakegu, jokoak interneten merke aurkitzeko aukera dugu beti, bundle edo key orrialdeei esker. Hori dela eta, ez da harritzekoa beti zentimoak zenbatzen aritzea, ahal bezain beste joko erosi ahal izateko prezio erakargarri batean.

Dena den, bada beti gauzak bere onetik ateratzen duenik ere. Eta oraingoan, Firewatch indie jokoaren kontura egin dituzte bereak Steameko erabiltzaile batzuk.

Firewatch

 

Steamen edozein joko itzultzeko aukera ematen hasi zen duela hilabete batzuk, baldintza gutxi batzuk betez gero, beti ere: eroste datatik hasita, bi asteko epea dago itzulpena eskatzeko, eta gehienez bi ordu jolastu daitezke eskaera egin aurretik (jokoa badabilela eta espero genuena dela probatzeko nahikoa denbora izanik hau). Bigarren baldintza honen ondorioz heldu da polemika gure artera oraingoan, hain zuzen ere.

Hainbat jokalarik jakinarazi du Firewatch jokoa ahal bezain azkar jolastu duela, bere ohiko 5 orduen ordez bi ordu eskasetan amaitu ahal izateko, honela ordaindutakoa berreskuratzeko aukera izan dezaten. Honela jokoaren erritmoa guztiz aldatzen dute, berez eskaintzen duen esperientzia lasaia lasterketa larri batean bilakatzen duelarik. Ingelesez “pacing” deritzona jokoaren erritmoa da funtsean, eta diseinuaren zati oso garrantzitsu bat da, estilo grafiko edo musika izan daitezkeen bezalaxe.

Ondorioz, jokalari horiek ez dute benetako esperientzia bizitzen, sortzaileek diseinaturiko esperientzia bera. Baliteke inork esajeratzen ari naizela pentsatzea, baina inori otuko al zitzaion blu-ray formatuan erosi berri duen film bat abiadura bikoitzean ikustea?

Firewatch

 

Guzti honetan penagarriena? Erabiltzaile horietako askok esan dutela jokoa izugarri gustatu zaiela, eta hala ere dirua bueltan eskatu dutela, jokoa era tamalgarrian jolastu ondoren garatzaileari zentimo bat ere ez emanez. Ulergarria da 20 euro bi aldiz pentsatzeko modukoa izatea, baina diru hori gastatu nahi ezean, beherapenen baten zain egotea litzateke komenigarriena, jokoaz bere horretan gozatu eta garatzaileei merezi duten saria emanez.

Ea noiz hasten garen ulertzen jokoak egiteko esfortzu ikaragarria egiten dutela sortzaileek, zer esanik ez hauek indie estudio bat badira…