Marvel Rivals, Indiana Jones and the Great Circle, Legacy of Kain: Soul Reaver Remastered eta beste hainbat estreinatzear dira.
Bideojokoen 2024a bukatzear da. Zorionez, enpresa handiek zein estudio txikiek urte bukaera alaitzeko denetariko estreinaldiak eta ezustekoak dituzte: superheroiak protagonista dituzten obra desberdinak, Indy mitikoaren abentura berria, retro estiloko birmasterizazioak zein titulu interesgarriak eta gehiago jasoko ditugu abendu honetan.
Marvel Rivals izango da, dena ondo badoa, hilabeteko merkaturatzerik handienetakoa: komikien unibertso maitatuko heroiak eta bilauak Overwatch erako tiro jokoan borrokan jarriko ditu. Indiana Jones and the Great Circlekin, bestalde, aspaldiko abenturazalearen filmeak gogoratuko ditugu. Nostalgikoenentzat, Legacy of Kain: Soul Reaver Remastered bildumarekin Raziel protagonistaren zigorra biziko dugu berriro, eta Power Rangers mitikoekin Rita’s Rewind arkade erronkari helduko diogu.
Abenduan bestelako argitalpen handia ikusiko dugu: Path of Exile 2 estreinatuko da, baina sarbide goiztiarrean jokatu ahalko dugu oraingoz.
Antonblast
- Argitaratze data: 2024-12-03
- Garatzailea: Summitsphere
- Generoa: Plataformak, abentura
- Plataformak: PC, Nintendo Switch
Wario Land 4ren pausoak jarraitzera dator Summitsphere indie taldea. Antonblastekin Game Boy Advance eramangarrian ikusitako abentura eroaren osagai guztiak bildu dituzte: plataformak, puzzle erronkak, suntsipena eta une zoroak pixelart estetika ederrarekin elkartuko dituzte.
Proposamena erakargarria irudituz gero, erosi aurretik demoa probatzeko aukera daukazu: Steam plataformaren bidez jaitsi daiteke.
Lorelei and the Laser Eyes
- Argitaratze data: 2024-12-03
- Garatzailea: Simogo / Annapurna Interactive
- Generoa: Puzzleak
- Plataformak: PS5, PS4
Urte hasieran PC eta Switch gailuetan estreinatu zen Simogoren puzzle abentura PlayStation kontsoletara dator orain. Ezezaguna izango da askorentzat, baina urteko jokorik onenen sari desberdinen artean lortutako hautagaitzei esker bere izena hedatzen ari da; PS5ean eta PS4an hainbat jokalari berri erakartzea espero da, hortaz.
Ihes gelen kutsua duen puzzle joko bitxi eta berezia da Lorelei and the Laser Eyes. Resident Evil eta Professor Layton sagak uztartzen dituela esan daiteke, kontakizun misteriotsuarekin batera. Urteko ustekabe handietako bat, zalantzarik gabe: Gamelu taldeko lagunek bideoanalisi sakona eskaini diote.
Marvel Rivals
- Argitaratze data: 2024-12-06
- Garatzailea: NetEase Games / Marvel
- Generoa: Tiro jokoa, multijokalaria
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Heroien tiro jokoak, superheroi ezagunekin. Tira, ez da halako zerbait ikusten dugun lehen aldia —Gotham City Impostor ahaztuta geratu da—, baina Marvelek generoari heltzeko garaia da. Spider-Man, Otsokume, Iron Man, Hulk, Thor eta Rocket Raccoon superheroiak zein Magneto, Loki, Venom edo Hela bilauak elkarren aurka jarriko dira hirugarren pertsonako tiro joko honetan.
Overwatchekin antzekotasun handiak ditu: estetika koloretsuak eta taldekako 6vs6 borrokak biziko ditugu. Oraingoan, baina, hirugarren pertsonako ikuspegia gailenduko da. Doan iritsiko zaigu: plataforma guztietan musutruk jokatzeko aukera egongo da.
Path of Exile 2
- Argitaratze data: 2024-12-06
- Garatzailea: Grinding Gear Games
- Generoa: ARPG
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Path of Exile 2 desiratuaren behin betiko bertsioa ikusteko gehiago itxaron beharko dugu, baina abendu honetan sarbide goiztiarrean estreinatuko da ARPG abentura ikusgarria.
Eduki kopuru harrigarriarekin kaleratuko dute: sei heroi mota desberdin eta kanpainako lehen hiru kapituluak ikusiko ditugu. 1.0 bertsioarekin, berriz, hamabi klase eta zazpi kapitulu agintzen dituzte egileek. Jokoaren azken bertsioa doakoa izango bada ere —mikroordainketa mordoarekin—, sarbide goiztiarrean aritzeko ordaindu egin beharko dugu.
Indiana Jones and the Great Circle
- Argitaratze data: 2024-12-09
- Garatzailea: MachineGames / Bethesda Softworks
- Generoa: Akzioa, abentura
- Plataformak: PC, Xbox Series
Arkeologo maitatua akziozko abenturarekin bueltatuko da bideojokoen mundura. Indyren joko gehienetan puzzleak ziren nagusi —eta Great Circlen ere ikusiko ditugu—, baina MachineGames taldea tiroketetara eta plataformetara begira jarri da mundu osoa zeharkatzera eramango gaituen lana prestatzerakoan.
Ez da harritzekoa, egileak Wolfenstein frankiziaren berrabiatzearen arduradunak baitira. Zigorra eskuan hartuta nazien eta bestelakoen aurka jarriko gara, baina isilpean arituz beste perspektiba batetik gaindi ditzakegu oztopoak.
PCrako eta Xbox Seriesetarako bertsioak jasoko ditugu orain, baina datorren urtean PlayStation 5ean ikusiko dugu berez Microsoft-ena den bideojokoa.
Legacy of Kain: Soul Reaver 1 & 2 Remastered
- Argitaratze data: 2024-12-10
- Garatzailea: Aspyr
- Generoa: Plataformak, abentura
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Nintendo Switch
Legacy of Kain: Soul Reaver eta Soul Reaver 2 mitikoak bildu ditu Aspyrrek birmasterizazio landua osatzeko: originalen atal grafikoa goitik behera eraberritu dute, modeloak, argiztapena, efektuak eta bestelako atalak hobetzeko.
Horren maitatuak diren abenturak berriz gogoratzeko bide aproposa izango dela dirudi. Mendekua ardatz duen Kain eta Raziel banpiroen istorioa —ia— hasieratik biziko dugu puzzleak, akzioa eta esplorazioa uztartzen dituzten joko zoragarriekin.
Mighty Morphin Power Rangers: Rita’s Rewind
- Argitaratze data: 2024-12-10
- Garatzailea: Digital Eclipse
- Generoa: Beat ‘em up
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Nintendo Switch
Beat ‘em up borroka jokoen berpizkundea bizi dugu azken urteotan, baina Power Rangerren jokoarekin ospatzea falta zitzaigun. Telesail maitatuaren lehen denboraldiko girotzea hartuta, bost lagunekin elkarrekin ukabilkada gainditzeko abentura prestatu du Digital Eclipse taldeak.
Heroi eta bilau klasikoak ikusiko ditugu gure borroketan, baina ez hori bakarrik: Zord erraldoien gainera ere igoko gara tiroketetan zein borroka ikaragarrietan parte hartzeko. Super Sentai zaleek urtea modu ezin hobean bukatzeko oparia, alegia.
Iruzkinak