Abenduko estreinaldien agendak ustekabe politak dakartza plataforma guztietarako.
Urtea bukatzear bada ere, bideojokoen erauntsi ederra bizi beharra dago oraindik. Estudio handienek aspalditik desiratutako obrak ekarriko dizkigute, baina indientzako lekua ere egon badago, ohi bezala.
Metroid dugu hilabeteko izar nagusia: 2017ko E3 azokan iragarri zuen Nintendo-k, eta, hainbat buelta eman ondoren, azkenik iritsiko da gure artera. Tartean, titulu handien zenbait port eta bertsio berri —Assassin’s Creed, Flight Simulator edo Warhammer 40K—, Marvel argitaletxeko superheroien beste joko bat, eta, adi, Terminator filmeetan oinarritutako retro titulua ikusiko ditugu.
Marvel: Cosmic Invasion
- Argitaratze data: 2025-12-01
- Garatzailea / Argitaletxea: Tribute Games / Dotemu
- Generoa: Akzioa, beat ‘em up
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series
Iron Man, Captain America, Otsokume, Spider-Man, Ekaitz edo Venom ukabilkadak banatzen ibiliko dira beat ‘em up klasikoak omentzera datorren Cosmic Invasionen. Bakarka zein tokiko eta online multijokalarian, Marvel komikien argitaletxeko heroi eta bilau ezagunak ikusiko ditugu.
Tribute Games garatzaileak generoan daukan trebezia aski ezaguna da Ninja Dortoken Shredder’s Revenge ikaragarriaren ostean, eta Marvelen jokoarekin bide bera jarraituko dutela dirudi: oraindik joka dezakegun demoa benetan dibertigarria da, eta jokagarritasun sakona duela agerian utzi digu.
Assassin’s Creed Shadows
- Argitaratze data: 2025-12-02
- Garatzailea / Argitaletxea: Ubisoft Quebec / Ubisoft
- Generoa: Akzioa, abentura
- Plataformak: Switch 2 (aurretik PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan)
Martxoan gainerako plataforma nagusietan estreinatu ondoren, Assassin’s Creed sagaren azken atal arrakastatsua Switch 2 berrira dator. Japoniara eramango gaitu oraingoan, bi protagonista berrirekin.
Alde batetik, Naoe ninja kontrolatuko dugu, asasinoen ohiko mekanikak eta ezaugarriak islatuz. Bestetik, Yasuke atzerritarrak —pertsonaia historikoan oinarrituta dagoela esan behar da— samurai elementuak bereganatuko ditu, borrokak eta akzioa izanik bere ardatzak.
Gailu hibridoan erakutsiko duen errendimendua ikusteke dago. Fisikoan erosi arren, giltz digitala da Switch 2an eskuratuko duguna; alegia, jokoa deskargatzea ezinbestekoa da, kartutxoa kode digitalarekin baino ez baitator.
Red Dead Redemption
- Argitaratze data: 2025-12-02
- Garatzailea: Double Eleven, Cast Iron Games, Rockstar Games
- Generoa: Akzioa, abentura
- Plataformak: PS5, Xbox Series, Switch 2, Android, iOS (aurretik PS3, Xbox 360, PS4, Xbox One, Switch eta PC plataformetan)
Rockstarrekoek Red Dead Redemption originalarekin jarraitzen dute: John Marston cowboy-aren abentura plataforma berrietan ikusiko dugu oraingoan.
Kontsolen kasuan, 4K bereizmena, segundoko 60 fotogramen tasa, HDR eta beste zeinbait hobekuntza grafiko aipatu dira; Switch 2ra begira jarrita, bereizmena zehaztu gabe geratu dira, baina Joy-Con aginteen sagu modalitatearekin jokatzeko aukera gehitzen da.
Mugikorren kasuan, ukipen pantailentzako euskarria edukiko du, nola ez, mundu irekiko western tituluak. Saltoki digital nagusietan saltzeaz gain, Netflix plataformaren harpidetzan eskainiko da Red Dead Redemption.
Let It Die: Inferno
- Argitaratze data: 2025-12-04
- Garatzailea / Argitaletxea: SuperTrick Games / GungHo Online Entertainment
- Generoa: Akzioa, roguelike
- Plataformak: PC, PS5
Hilabeteko proposamen bitxienaren aurrean gaude. Let It Die jokoaren jarraipena da Inferno, baita 2023an itxi zuten Deathverse: Let It Die-ren bertsio eraberritua ere.
Roguelike honek jokalaria jokalariaren aurka zein jokalaria ingurunearen aurka (PvPvE) formatua hartzen du. Partida bakoitzean eraldatuko den infernu koloretsuan barneratu beharko gara Herioren misioak betetzeko, bidean altxorrak eta bestelakoak eskuratuta.
Elden Ring Nightreign The Forsaken Hollows
- Argitaratze data: 2025-12-04
- Garatzailea / Argitaletxea: FromSoftware / Bandai Namco
- Generoa: Akzioa, roguelike
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Elden Ringen unibertsoan girotutako abentura kooperatiboak lehen espantsio handia jasoko du The Forsaken Hollowsekin. Bi Nightfarer protagonista berri eta arerioak, armak zein ekipamendua, sekretuak nahiz bestelakoak gehituko dituen lur aldakorra (Shifting Earth) ekintza gaineratuko dizkio Nightreign originalari.
FromSoftwaren ibilbidea jarraitu dutenek aspaldiko zaldunaren aurka egingo dute berriro, besteak beste: Dark Souls originaleko Artorias itzuliko da buruzagi berrien artean.
Metroid Prime 4: Beyond
- Argitaratze data: 2025-12-04
- Garatzailea / Argitaletxea: Retro Studios / Nintendo
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: Switch 2, Switch
Samus Aran espazioko ehiztaria Nintendoren kontsoletara dator berriro. Arestian aipatu modura, aspaldi iragarritako Metroid Prime 4 tituluarekin lurreratuko da Switch zein Switch 2 gailuetan.
GameCube zein Wii kontsoletan jokatutako trilogiaren oinarriak berreskuratuko dituzte Retrokoek: lehen pertsonako ikuspegia, esploratzeko planeta zabala eta honen guneak irekiko dituzten abilezia zein mugimendu bereziak eta eskaneatzeko gako ugari agertuko zaizkio Samusi. Berritasunen artean, botere psikikoak zein gune irekietan gidatzeko motorra nabarmendu beharra daude.
Switch 2 bertsioak hobetutako atal grafikoa, errendimendu aukerak (4K/60 fps edo 1080p/120fps pantailara konektatuta), murriztutako karga denborak eta Joy-Con aginteen sagu modalitatearekin jokatzea ekarriko ditu.
Octopath Traveler 0
- Argitaratze data: 2025-12-04
- Garatzailea / Argitaletxea: Square Enix
- Generoa: JRPG
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series
HD-2D estetikaren iraultza ekarri zuen Octopath Traveler JRPG sagaren atal berria ere iritsiko zaigu abenduan. Gailu mugikorretarako Octopath Traveler: Champions of the Continent tituluko ideiak eta premisa hartzen ditu OT 0k; hala ere, bertako gacha elementuak alboratu, eta eraberritutako gidoia aurkeztuko du.
Gure pertsonaiak editorearekin sortuko ditugu istorio sakona duen JRPG erraldoian barneratzerakoan. Txandakako borrokak, esplorazioa eta hizketaldi luzeak dira nagusi; oraingoan, baina, protagonistaren jaioterria berreraikitzen eta kudeatzen ere ariko gara.
Skate Story
- Argitaratze data: 2025-12-08
- Garatzailea / Argitaletxea: Sam Eng / Devolver Digital
- Generoa: Abentura
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2
Monopatin gainera igota infernua —ederra, bitxia bezain misteriotsua— zeharkatzera eramango gaitu Sam Eng sortzailearen tituluak. Kristalezko deabru bilakatuta, ilargia irenstea bilatuko du protagonistak, aske izateko bide bakarra baita.
Atal grafiko benetan berezia, Blood Cultures eta John Fio musikagileen soinu banda ikaragarria eta istorio onirikoa eta harritzekoa agintzen ditu Skate Storyk; tartean, trikimailuak eta skate gaineko une ikusgarriak biziko ditugu proba anitzak gainditu ahala. 2025eko indie altxorra izateko aukera guztiak dauzka.
Microsoft Flight Simulator 2024
- Argitaratze data: 2025-12-08
- Garatzailea / Argitaletxea: Asobo Studio / Xbox Game Studios
- Generoa: Simulazioa
- Plataformak: PS5 (aurretik PC eta Xbox Series plataformetan)
Microsoften esklusiborik mitikoenetarikoa PlayStationera dator. Microsoft Flight Simulator 2024ek hegazkinen aginteen aurrean jarriko gaitu zeruak nahi bezala gurutzatzeko eta munduko edozein txoko esploratzeko.
PS5eko bertsioak ezaugarri berriak ekarriko ditu, gainera: DualSense agintearen kolpekari moldagarriek, giroskopio kontrolek, pertsonalizatzeko touchpad-ak zein aireko trafikoaren kontroleko zerbitzuaren komunikazioak entzuteko bozgorailuak funtzionatuko dute MSFrekin.
PS VR2 kaskoekin batera funtzionatuko du errealitate birtualean jokatzeko, baina aukera doako eguneratzearekin iritsiko da 2026an.
Unbeatable
- Argitaratze data: 2025-12-09
- Garatzailea / Argitaletxea: D-Cell Games / Playstack
- Generoa: Abentura narratiboa / erritmo jokoa
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Pasa den hilabetean aipatu genuen indie jokoa da Unbeatable: azaroaren 6an estreinatu behar zen, baina kontsoletan merkaturatzeko baimenetan izandako arazoengatik, eta hilabete horretako bideojokoen estreinaldi handiengatik, abendura berandutzeko erabakia hartu zuten Playstack argitaletxekoek.
Gogoratzearren, Guitar Hero edo Rhythm Heaven bezalakoen erritmo jokoa da D-Cell Gamesek garatutakoa. Beat protagonistarekin boterearen aurka egingo dugu musikarekin batera.
Warhammer 40,000: Rogue Trader
- Argitaratze data: 2025-12-11
- Garatzailea / Argitaletxea: Owlcat Games
- Generoa: cRPG
- Plataformak: Switch 2 (aurretik PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan)
40K unibertso ezagunean oinarritutako bideojokorik onenetakoa izatera iritsi da Rogue Trader; orain, Nintendoko erabiltzaileek ere probatzeko aukera edukiko dute.
RPG abentura klasikoa da Owlcatena: espazioko Koronus Expanse gunea zeharkatuko dugu pertsonaia desberdinez osatutako taldearekin. Erabakiak eta txandakako borroka taktikoak dira ardatza: Pathfinder sagan ibilitakoek ondo ezagutuko dituzte Warhammerren joko honetan aurki daitezkeenak.
Une honetan jarraipenarekin dabiltza, gainera: Warhammer 40,000: Dark Heresy “laster” estreinatuko da.
Terminator 2D: No Fate
- Argitaratze data: 2025-12-12
- Garatzailea / Argitaletxea: Bitmap Bureau / Reef Entertainment
- Generoa: Akzioa
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series, Xbox One
Iraganera —eta etorkizunera— bidaiatuko dugu Terminator robotaren bideojokoarekin. Retro estiloko 2D abenturaren aurrean gaude: bigarren filmeko eszenak berriz bizitzeko aukera eskaintzeaz gain, etorkizun apokaliptikoan girotutako mailak ere aurkeztuko ditu.
Dozenaka arma hartuta, lasterka, jauzika eta tiroka ariko gara. Sarah Connor-en zoroetxeko ihesaldia, ubidean motorra hartuta kamioiaren aurkako “duelua”, Cyberdyne-n egoitzako tiroketa… une gogoangarri ugari berregin dituzte Bitmapeko garatzaileek.
Lander Unzueta
Iruzkinak