Lehen bideo-jokoaren birmasterizazioa oinarritzat hartuta hainbat aldaketa gehituko dituzte, mekanika berri eta guzti.
Ezin daiteke ukatu Soulsborne jokoek bideo-jokoen jarraitzaileengan eduki duten eragin erraldoia. Datorren urte hasieran kaleratuko den Elden Ring-en lehen trailerra E3-ko iragarpenik handienen artean egon zen, baina halere Dark Souls-ak gogo handiz itxaroten jarraitzen dituzten zale mordoa daude. Horren erakusle argia da jatorrizko jokoa hartuta abenduaren 21ean estreinatuko den Nightfall deitutako mod interesgarria prestatzen ari den zale taldea.
Zehazki, Dark Souls Remastered erabilita prestatzen ari dira proiektua Team Nightfall-ekoak. Jokatu nahi dutenek, beraz, PC-ko bertsioa eduki beharko dute. From Software-n abentura arrakastatsuaren elementuak hartu eta lekuz aldatu, aldaketa nabarmenak egin eta mekanika guztiz berriak gaineratzen ari dira garatzaileak.
Trailerrean argi ikus daiteke hori. Argiztapen berezia erakusten dute gune askok, eta ez hori bakarrik: toki desberdinetan daudela erakutsi dute arduradunek. Esate baterako, Undead Asylum hasierako gunetik jokoa bukatzen den Kiln of the First Flame-ra jauzi batez heldu daiteke, mapa goitik behera aldatuta. Anor Londo jainkoen hiria munduko punturik gorenenean egon beharrean lurrean aurkituko dute oraingoan jokalariek.
Eraso eta mugimendu berriak ere azaltzen dira bideoan. Bulkada berezia gehitu dutela nabarituko dute askok, eta Sekiro: Shadows Die Twice bikainean ikusi bezalako ezpaten kontraerasoak ere gauzatu daitezke orain. Etsai guztiz berriak ere garaitu beharko dira mod honetan.
Bukatzeko, istorio eraberritua izango du Nightfallek: jatorrizko jokoaren jarraipen bezala aurkeztu dute, zehazki. Jatorriz etsaiak baino ez ziren izakiekin hitz egiteko aukera egongo da, eta hauek informazio berria eskainiko dute.
Nightfall moda abenduaren 21ean estreinatuko da Dark Souls Remastered-en PCko bertsiorako.
Iruzkinak