Gameplay berria erakutsi dute. Oztopoz betetako garapenak hainbat berandutze jasan dituen arren aurrera dihardu Techlanden zonbi abenturak.
Techland garatzaileak bere zonbien frankiziari zuzendutako aurkezpenean iragarri duenez, abenduaren 7an kaleratuko dute Dying Lighten jarraipena. Dying Light 2 Stay Human PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetara iritsiko da.
Argitaratze data ez ezik, jostagarritasuna zein mekanika berriak agerian jartzen dituen ia zortzi minutuko gameplay bideoa ere erakutsi zuten arduradunek. Stay Human jatorrizko jokoa baino 20 urte beranduago girotuta egongo da: gizadiaren azken gotorlekua den Hiria bisitatuko dute jokalariek Aiden Caldwell protagonistaren kontrola hartuta.
Gizakiak bertan bizi diren arren, zonbiak dira nagusi hiri erraldoi honetan. Dying Light originalean egin bezala hauen aurka egin ahalko da lehen pertsonan, baina bizirik irauteko modurik eraginkorrena ihes egitea eta arerioak saihestea izango da. Horretarako ezinbestekoa izango da Aidenek parkourra egiteko daukan iaiotasuna: kokalekuen bertikaltasuna aprobetxatuta milaka bide izango ditu protagonistak aurrera zein atzera egiteko, egoeraren arabera.
Egunez munstroak lasaiago dabiltzan arren, gauez Hiriko kaleen kontrola guztiz hartuko dute zonbi eta bestelako izakiek. Hortaz batzuetan borrokatzea baino ez da geldituko eta horretarako arma arrunt zein bereziak edukiko dituzte jokalariek. Bideoan izpi ultramoreen pistola ikus daiteke, gaua maite duten zonbiak uxatzeko aproposa. Izan ere, gauez zonbiek hutsik utzitako eraikinetara sartu eta horietako altxorrak bereganatu ahalko dira.
Istorioak sakontasun handia edukiko duela agindu dute jarraitzaileek. Izan ere protagonistak hartutako erabakiek bere ingurugiroan aldaketa erraldoiak eragingo dituzte. Fakzio desberdinen artean aukeratu beharko da aurrera egiteko, eta horren arabera gidoiak desberdintasun nabarmenak jasango ditu. Adibidez, baliabideak horien artean kudeatzeko aukera edukiko dute jokalariek.
Abentura guztia lau lagunen artean gainditu ahalko da gainera multijokalariari esker. Edozein unetan gehitu ahalko dira lagunak partidara.
2018ko E3an iragari zuten Dying Lighten jarraipena Teachlandekoek. Ordutik hona hainbat berandutze izan ditu: koronabirusaren egoerak eragindako arazoei Chris Avellone gidoilariak jasotako abusu sexualen salaketak eta garatzaileko lankideek salatutako giro toxikoa gehitu behar zaizkie.
Iruzkinak