Multijokalariaren zinematika ikusgarria aurkeztu dute Microsoft-ekoek. Bi jokalarirentzako kanpaina kooperatiboa beranduago iritsiko da.

Hainbat atzerapenen ostean, azkenik zehaztu dute 343 Industries-eko arduradunek Halo Infinite merkaturatuko den eguna. Abenduaren 8an kaleratuko da jatorriz Xbox Series X-rekin eta S-rekin batera iaz estreinatu behar zen jokoa.

Argitaratze data joan den astean egindako Gamescom Opening Night Live ekitaldian iragarri zuten Microsofteko arduradunek. Harritzekoa, aurretik Xboxek bere aurkezpen propioa eduki baitzuen ekimen europarraren baitan.

Jokalari bakarrarentzako kanpainaren berritasunik eman gabe geratu ziren garatzaileak. Horren ordez multijokalariaren lehen denboraldia izango denaren bideo zinematiko harrigarria erakutsi zuten. Bertan Agryna komandantea ezagutzera eman zuten arduradunek.

Bideo-jokoa argitaratu aurretik kanpainaren inguruko xehetasunak emango dituztela agindu dute 343 Industriesekoek. Hori bai, bi jokalarirentzako kanpainara jokatu nahi dutenek are gehiago itxaron beharko dute: 2022ko otsailerako aurreikusita dagoen jokoaren bigarren denboraldiaren batera iritsiko da lagun batekin jokatzeko aukera. Forge editorea ere ez da abendu honetan erabilgarri egongo, eta hirugarren denboraldirako prest edukitzeko asmoa agertu dute garatzaileek, ekainean.

PCko jokalarientzako berriak ere egon dira. Izan ere, Halo Infinitera jokatu ahal izateko gutxieneko eskakizunak zehaztu dituzte arduradunek:

Gutxieneko eskakizunak:

  • 64 bits-eko prozesadorea eta sistema eragilea
  • Sistema eragilea: Windows 10 RS3 x64
  • Prozesadorea: AMD FX-8370 edo Intel i5-4440
  • RAM memoria: 8 GB RAM
  • GPU: AMD RX 570 edo Nvidia GTX 1050 Ti
  • DirectX: 12 bertsioa
  • Memoria: 50 GB

Gomendatutako eskakizunak:

  • 64 bits-eko prozesadorea eta sistema eragilea
  • Sistema eragilea: Windows 10 19H2 x64
  • Prozesadorea: AMD Ryzen 7 3700X edo Intel i7-9700k
  • RAM Memoria: 16 GB RAM
  • GPU: Radeon RX 5700 XT edo Nvidia RTX 2070
  • DirectX: 12 bertsioa
  • Memoria: 50 GB

 

20 urte Master Chief-ekin

Sagaren 20. urteurrena ospatzeko helburuarekin kontsola zein aginte bereziak egongo dira gainera. Zehazki, Haloren ezaugarriak edukiko dituen Xbox Series X zein Elite agintea merkaturatuko dituzte azaroaren 15ean.

Halo Infinite abenduaren 8an helduko da Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetara. Xbox Game Pass harpidetza zerbitzutik jokatu ahalko da gainera.