Aurrez aurreko ekimena izango da aurtengoa. Ohi bezala iragarpenak eta berritasunak emango dituzte, urteko bideo-jokorik onenak saritzeaz gain.
The Game Awards ekimeneko arduradunek aurtengo sari banaketaren eguna eta formatua iragarri dituzte: abenduaren 9an egingo dute, eta aurten modu presentzialean izendatuko dituzte urteko jokorik esanguratsuenak.
Joan den urteko ekitaldia modu digitalean burutu ondoren, abendukoa Los Angelesko Microsoft Theatre antzokian egingo dutela baieztatu dute sare sozialen bitartez. Ezer gutxi zehaztu duten arren ohiko antolakuntza espero daiteke, Geoff Keighley kazetaria egongo baita aurkezle lanetan.
“Bideo-jokoen iragana, oraina eta etorkizuna ospatzeko Microsoft Theaterera itzuli eta gau benetan berezia bizitzeko amorratzen gaude”, adierazi du Keighleyk gogotsu VentureBeat webgunean. Galara gonbidapenarekin soilik hurreratu ahalko da, eta bertaratzen direnek osasun neurriak bete beharko dituztela azpimarratu du aurkezle eta antolatzaileak.
Sari banaketarekin batera hainbat iragarpen handi egitea ere aurreikusten da. Izan ere, sariak baino bideo-jokoen trailerrak eta berritasunak izaten dira jokalari gehienek ekimena jarraitzeko zergati nagusia.
Pandemiaren eraginez iaz The Game Awardsak formatu digitalean egin bazituzten ere, sekulako arrakasta edukitzea lortu zuten: 83 milioi jarratzaile izan zituzten zuzeneko emanaldian, 2019ko ekimenean baino %84a baino gehiago.
Iruzkinak