Lapurreta biribilak prestatu beharko dira lehen pertsonako RPG joko honetan. Martxoaren 29an estreinatuko da PC-an.
Immersive Sim generoa bideojokozale amorratuenen artean benetan maitatua bada ere, gero eta obra gutxiago biltzen ditu. Deus Ex, Bioshock, Dishonored edota Thief dira generoko adibide esanguratsuenak; azken bi horien bidea jarraituko du Four Circle Interactive estudio independente britainiarra prestatzen ari den Abermore interesgarriak.
Legendazko lapurrak, hemezortzi egun eta lapurreta erraldoia proposatzen ditu abentura honek. Egun horietan lapurretarako prestatzeko denbora edukiko dute jokalariek: hainbat misio eta erronka bete beharko dituzte baliabideak, adiskideak zein abileziak eskuratu eta azken eginkizun handi hori errazteko.
Kanpaina bakoitza “bakarra” izango dela agintzen dute garatzaileek; hau da, misioak, pertsonaiak eta bestelako ezaugarriak aldatzen joango dira, istorio berriak eratuta. Azken erronka, baina, beti egongo da leku berean: Abermoreko gazteluan.
Aipatutako generoan ohikoa den bezala, lehen pertsonako jostagarritasuna edukiko du Abermorek, RPG elementuak gehituta. Ezkutuan eta itzaletatik ibiltzea ezinbestekoa izango da lapurretetan, baina betebeharrak errazteko ahalmenak ere erabili ahalko dituzte lapurrek. Lortutako altxorrak saltzeko aukera egongo da gainera, beste baliabide batzuk erosteko bide aproposa.
Hori guztia Dishonored gogora ekarriko duen estetikarekin batuko ditu: Viktoriar Aro berriko ezaugarriak magia eta teknologia modernoagoekin nahastuko ditu bideo-jokoak.
Abermore laster estreinatuko da: martxoaren 29an kaleratzea aurreikusten dute, momentuz PC-rako bakarrik. Steam bidez merkaturatuko dute, zehazki.
Iruzkinak