Aurretik Mafia: The Old Country eta Sword of the Sea estreinatu dira, baita Black Myth: Wukong edo Hellblade IIren port-ak ere.

Berandu gabiltza hilabeteko estreinaldien errepasoa egiteko, baina abuztua ez da bukatu oraindik. Are gehiago, bideojokorik handienetako batzuk abuztuko azken egunetan argitaratzeko prestatzen dabiltza: horien artean dira Metal Gear Solid Δ, Shinobi: Art of Vengeance nahiz Lost Soul Aside itxurosoak.

Tartean Gears of War originalaren —bigarren— birmasterizazioa eta Helldivers 2ren Xbox bertsioa ere jasoko ditugu, baina askoz gehiago ikusi dugu azken egunotan.

 

Gears of War: Reloaded

  • Argitaratze data: 2025-08-26
  • Garatzailea: The Coalition / Xbox Game Studios
  • Generoa: Hirugarren pertsonako tiro jokoa, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Gears of War originalaren birmasterizazio berria iristear da. Ohi bezala, PC eta Xbox Series gailuetan ikusiko dugu, baina, lehen aldiz, PlayStationera ere helduko da. Berritasunei dagokienez, sagaren 20. urteurrena ospatzeko hobekuntza ugari agintzen dituzte The Coalitionekoek.

Hasteko, 4K bereizmena, testura eta efektu hobeak, HDR zein VRR euskarriak, argiztapen eta gerizpe hobekuntzak, karga pantailen desagertzea eta gehiago jasoko ditu TPS klasikoak; 60 fps-etara jokatuko dugu, baina segundoko 120 fotogrametara iritsiko da multijokalarian. Joko gurutzatua, orain arteko eduki gehigarri guztiak eta are gehiago batuko dituzte, gainera.

 

Helldivers 2

  • Argitaratze data: 2025-08-26
  • Garatzailea: Arrowhead Game Studios / PlayStation Publishing
  • Generoa: Hirugarren pertsonako tiro jokoa, akzioa
  • Plataformak: Xbox Series (aurretik PCan eta PS5ean)

PlayStationen iazko ezuste handietako bat Xboxera dator. Helldivers 2ren tiroketa kooperatibo zoroek milaka jokalari maitemintzea lortu dute, eta eduki gehigarri zein espantsio guztiekin ikusiko dugu bihartik aurrera Xbox Seriesetan; gainera, Halo sagarekin elkarlana abiatuko dute.

Ezagutzen ez duzuenontzat, Starship Troopers film mitikoa oinarritzat hartzen duen hirugarren pertsonako tiro jokoa da Helldivers II. Zerbitzu erako ezaugarriekin, etengabe eguneratzen eta eraldatzen doan istorioa aurkezten zaigu: SuperLurraren demokrazia banatzea izango da gure helburua, bakarka edo lagunekin.

 

Metal Gear Solid Δ: Snake Eater

  • Argitaratze data: 2025-08-28
  • Garatzailea: Konami
  • Generoa: Akzioa, isilpea
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Solid azpititulua badauka ere, Metal Gearrik maitatuenetakoaren protagonista ez da Solid Snake agentea, Naked Snake baino. Narratiba korapilatsuaren hastapenak kontatzen dituen MGS3 berregin du Konamik, gaur egungo atal grafikoa nahiz jokagarritasuna prestatuz.

Hala ere, abentura bere horretan mantendu dute: gidoia, hizketaldiak, tiroketak zein buruzagi dibertigarriak —baita minijoko xelebre pare bat— berdin biziko ditugu Delta honetan. Jantzi bandana, eta eraman arropa zein sendagai guztiak bizkar zorroan; bazkaria zure kontu doa, hori bai.

 

Shinobi: Art of Vengeance

  • Argitaratze data: 2025-08-29
  • Garatzailea: Lizardcube / Sega
  • Generoa: Akzioa, plataformak
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Sega Master System gailuan ezagutu genuen Joe Musashi ninjak hots handiko abenturak bizi bazituen ere —nabarmenenak, Shinobi III: Return of the Ninja Master eta PS2 kontsolako Shinobi—, galduta ibili da azken urteotan. Lizardcube taldeak, Streets of Rage 4 zoragarria garatu ondoren, Segaren beste klasikoetako bat berpiztuko du.

Eskuz marraztutako 2D grafiko ederrekin, akzioz betetako titulua izango da Art of Vengeance: Musashirekin ezpatadak, jauziak eta magia hilgarriak erabiliko ditugu dozenaka ninja eta deabru garaitzeko. Ibilgailu gaineko atalak ere bueltan dira, zelan ez.

 

Lost Soul Aside

  • Argitaratze data: 2025-08-29
  • Garatzailea: Ultizero Games / PlayStation Publishing
  • Generoa: ARPG, hack and slash
  • Plataformak: PC, PS5

Hamar urteko garapenaren ondoren, Ultizero estudo txinatarra Lost Soul Aside ikusgarria kaleratzeko prest dago azkenik. Atal grafiko harrigarriaren parera geratzen diren borroka ikusgarriak dira ardatz hack and slash generoko obra honetan.

Konbo luzeak, saihesteak eta kontraerasoak proposatzen dizkigute egileek, hauek burutzeko armategi zabalarekin batera. Gure arreba —eta mundua— salbatzea da gure betebeharra: horretarako, kokaleku anitzak zeharkatuko ditugu esperientzia puntuak zein baliabideak biltzen goazen bitartean.

Aurreko asteotan ere titulu interesgarriak ikusi ditugunez, aipagarrienak ere zerrendatuko ditugu gure agendan. Ondo zaintzen zaituztegula esan dadila!

 

Mafia: The Old Country

  • Argitaratze data: 2025-08-08
  • Garatzailea: Hangar 13 / 2K
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Mafia sagaren itzulera gazi gozoa izan da: askotariko balorazioekin, batzuen arreta erakartzea lortu du, baina ez da lehen jokoen parera iritsi. Hala eta guztiz ere, premisa oso interesgarria dauka: 1900. urteko Siziliara joko dugu mundu irekia alboratzen, baina gidoian sakontzen duen obran aritzeko.

 

Senua’s Saga: Hellblade II

  • Argitaratze data: 2025-08-12
  • Garatzailea: Ninja Theory / Xbox Game Studios
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PS5 (aurretik PCan eta Xbox Seriesetan)

Hellblade II PlayStation 5era eraman dute Ninja Theoryk eta Xboxek. Iaz ordenagailuetan zein Xbox Seriesetan estreinatu zen abenturak ez zituen esperotako notak bildu, baina istorio latza eta interesgarria aurkezten du, originalak egin modura.

Aurtengo bertsioa, gainera, hobetuta dator: Enhanced Edition azpitituluarekin hobetutako grafikoak, argazkilaritza modua eta garatzaileen gehigarriak jaso ditu Senuaren abenturak, PS5ean zein plataforma originaletan.

 

Sword of the Sea

  • Argitaratze data: 2025-08-19
  • Garatzailea: Giant Squid
  • Generoa: Abentura, plataformak
  • Plataformak: PC, PS5

Journey eta ABZU maitatuen atzean dagoen Giant Squid estudioak antzeko proposamena ekarri digu Sword of the Searekin. Hoversword izeneko taula gainera igota antzinako zibilizazioaren misterioa argitzen ariko gara, kokaleku ederrak zeharkatuz. Lehen iritziak oso baikorrak dira.

 

Black Myth: Wukong

  • Argitaratze data: 2025-08-20
  • Garatzailea: Game Science
  • Generoa: Akzioa, ARPG
  • Plataformak: Xbox Series (aurretik PCan eta PS5ean)

Game Science txinatarrak iaz argitaratutako Black Myth ikaragarria Xboxera iritsi da azkenik, hainbat zurrumurruren eta iskanbilaren ondoren. Mitologia txinatarrean barneratuko gara Sun Wukong tximinoarekin borroka ikusgarrietan parte hartzeko. Bitartean, jarraipena iragarri dute egunotan, Black Myth: Zhong Kui.