Mafia II eta IIIren birmasterizazioak eskuragarri daude; jatorrizko jokoak dituztenek doan jaso dituzte bertsio berriak.
2K Gamesek Mafia Trilogy bildumaren xehetasunei buruz mintzatu da. Mafiosoen sagako bildumaren izarra Mafia: Definitive Edition izango da: 2002ko lehen bideojokoa oinarritzat hartuta garatzen ari diren remake bat da. Abuztuaren 28an kaleratuko dute PS4, Xbox One eta PCrako; ordenagailuan jokatzen dutenek lehenik Steamen erosi ahalko dute, eta ondoren Epic Games Storean ere argitaratuko dutela aurreratu du 2K Gamesek.
Mafia: Definitive Editionek berriz ere Tommy Angeloren kontrola emango dio jokalariari. 1930. urtean Lost Heaven hirian lan egiten duen taxi gidariak Don Salieriren mafiosoak ezagutu eta elkarrekin odolez betetako bizimodua hasiko du.
Remakea Hangar 13 garatzailearen esku egongo da. “2002ko klasikoa atal guztietan hobetuko duen lana” izango dela agindu du 2K Gamesek; 4K-ko bereizmenean eta HDR aukerak erabilita jokatu ahalko da. Ekainaren 6an egingo den PC Gaming Showean bideojokoari buruzko informazio gehiago eskainiko dute.
Mafia Trilogy bideojoko bilduma izanik gainerako jokoak nabarmendu beharra dago. Mafia II: Definitive Edition eta Mafia III: Definitive Edition dagoeneko eskuragarri daude PC, PS4 eta Xbox Onerako. Bertsio berri hauek atal grafiko eta soinu birmasterizatuarekin datoz, aldaketa handiegirik gehitu gabe.
Jatorrizko jokoak erosi zituztenentzat berri onak iragarri ditu 2K Gamesek. Mafia II Steamen dutenek birmasterizazioa doan jaso dute. Mafia IIIri dagokionez, bideojokoa Xbox Onen, PlayStation 4an edo Steamen dutenek jaso dute bertsio berria.
Iruzkinak