Call of Duty, Overwatch edo Diablo harpidetza zerbitzu arrakastatsura eramateko lanean dabiltza, hauen garatzaileak eta estudioak bereganatu ondoren.

Ez da inolako ezustekoa izango, baina oraindik baieztatu gabe zegoena berrestu du Microsoft-ek: Activision Blizzardekoen bideojoko saga eta frankizia ezagunenak Xbox nahiz PC Game Pass harpidetza zerbitzuetara iritsiko dira etorkizunean.

Albistea Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak zabaldu du Microsoften blog propiotik. Hori horrela, Call of Duty, Diablo zein Overwatch bezalako jokoez gozatu ahalko dute zerbitzuaren harpidedunek.

2022ko urtarrilean 68,7 mila milioi dolarren truke erosi zuten Microsoftekoek Activision Blizzard. Horren gastu handia kontuan hartuta, argi zegoen beren jokoek Xbox Game Studios-eko gainerako lanen tratu bera jasoko zutela.

 

CoD, PlayStation-en

Interesgarriagoa da, baina, Spencerrek PlayStation ere aipatu duela bere artikuluan; izan ere, CoD sagako hurrengo jokoak Sony-koen kontsoletara eramateko asmoa agertu du. “Aurretik esan bezala, Call of Duty kaleratzen den egun berean bertsio berbera PlayStationen eskuragarri egoteko lanean gabiltza”. Jokalariei nahi duten plataforman aritzeko askatasuna eskaintzea azpimarratzen du Xboxeko buruzagiak: “jendeari elkarrekin plataforma artean zein gailu artean jokatzen jarraitzea ahalbidetuko diegu”.

Berria zabaltzeko erabilitako bidea zein adierazpenak bitxiak dira —halakoak Xbox Wire bidez ikusi ohi ditugu—. Atzo bertan Erresuma Batuko CMA erakundeak (Competition and Markets Authority) hartutako erabakia kontuan hartuz gero, ulertzekoa da: Microsoften eta Activision Blizzarden arteko akordioa berriz ikertzea gomendatu dute.

Enpresen arteko lehia da oztopo nagusia CMAkoentzat; bereganatzeak Erresuma Batuko merkatuan konpetentzia nabarmen murriz dezakeela azpimarratzen dute. Call of Duty da, hain zuzen ere, horren zergati nagusia: Activisionen frankiziak bideojokoen industrian parekorik ez duela diote, eta ez dute ontzat hartzen Microsoftek hau guztiz bereganatzea.

Spencerrek idatzitako testuan erabilitako hizkera honi aurre egiteko pentsatuta dagoela ikus daiteke: zenbait biderrez aipatzen du “aukeren” garrantzia, eta Xbox horiek eskaintzeko prest dagoela. Ez dute gauza bera egingo bereganatutako beste frankiziekin, ordea: Starfield, The Elder Scrolls, Fallout eta beste hainbat izen handiko produktuk esklusibotasun osoa izango dute, eta ez dira Xboxen ekosistematik kanpo kaleratuko.

Hau guztia argitzen doan bitartean, behintzat, albiste onekin gera gaitezke. Xbox Game Passak Activision Blizzarden jokoak jasoko ditu etorkizunean.