Modern Warfare berria, Warzone 2 eta beste atal bat aipatu dituzte. Microsoft-ek erosi du enpresa estatubatuarra.
PlayStationeko jokalariek etorkizunean kaleratuko diren hiru Call of Duty jokoetara aritzeko aukera edukiko dute, gutxienez. Horrela adierazi du Bloomberg agerkariak: bere iturriek Activision Blizzardekin harremana dutela nabarmentzen du.
Informazioa egia izango balitz, azken egunotan sortutako zalantzarik esanguratsuenetako bat argituko zukeen; alabaina, Microsoftek Activision Blizzard eta honen enpresa nahiz frankiziak bereganatu ditu. Hori horrela, esklusibotasunen zalantza bueltaka dabil bideojokozaleen artean.
Jason Schreier kazetariak joko hauen testuingurua baieztatu du gainera: lehenengoa, Modern Warfare azpisagako titulu berria izango zen; bigarrena, Warzone doako battle royale arrakastatsuaren jarraipena izango litzateke; azkenik, Treyarch estudioaren lan ezezagun bat aipatzen du Schreierrek.
2023. urtea bukatu aurretik kaleratuko lirateke horiek guztiak; ostean esklusibo bilakatuko diren ikusteko dagoela dio kazetariak.
Gainerako frankizia eta bideo-jokoen kaleratze plataformak misterio bat izaten jarraitzen dute, dena den. Phil Spencer Xbox-eko arduradun nagusia, esate baterako, Call of Dutyen inguruan soilik mintzatu da: “Activision Blizzarden bideo-jokoetara plataforma kopuru handi batean aritu daiteke, eta horietako komunitateak babesten jarraitzeko asmoa dugu”.
Activision Blizzard erosteko 68.700 milioi dolar ordaindu ondoren, enpresa estatubatuarrak aurretik adostutako akordioak mantentzeko asmoa agertu du Spencerrek, baina hauek bete ondoren ikusteko dago esklusibotasunen norakoa: Warcraft, Crash Bandicoot, Tony Hawk’s Pro Skater, Overwatch eta askoz gehiago daude horien artean.
Iruzkinak