Euskal Herria esploratzera, misioak betetzera eta txandakako borroketan parte hartzera emango ditu jokalariak. Euskaraz joka daiteke.

Eneko Azedo sortzaile euskaldunak ADUR Azken Erronka argitaratu du. RPG abentura ordenagailuetan zein Android gailuetan goza daiteke.

Steam plataforman nahiz Play Store saltokian aurkituko dugu euskal mitologia ardatz daukan lana. Itsulapikoa webgunearen bitartez finantzazio kanpainan ekarpena egin zutenek udan jaso zituzten jokoaren lehen bertsioak; Azedok aurreratu duenez, saltoki nagusietarako kodeak banatuko ditu proiektua babestu zutenen artean.

Txandakako borrokak, esplorazioa eta bidaiak zein erabakiz betetako egunak biltzen ditu tituluak. Izena ezaguna egingo zaio bati baino gehiagori; izan ere, duela bost urte mahaijoko formatuan jaio zen ADUR, 2022an, Telegram bidezko abentura birtual bilakatzeko. Azedo bideojokoen ingurunera guztiz igaro da Azken Erronkarekin, Telegrameko ideia hartu eta Final Fantasy edo Slay the Spire bezalakoengandik inspirazioa hartuta, eta, tartean, Guda Laia Studio sortuta. Imanol Etxeberria kidea aritu da bideojokoaren irudiak prestatzen.

“Gaztelar erresuma euskal lurren inbasioa prestatzen ari da, eta bestetik gurtzaile ilun batzuk Adurraren ohitura zaharren kontra ari dira”, azaltzen digu bideojokoak: “Zu zara euskal erresumaren azken itxaropena”.

Heroia sortu beharko da abentura bakoitza hasterakoan —estatistikak, ezaugarriak eta Adurrarekin duen trebezia nahiz indar fisikoa zehaztuko ditugu protagonistarentzat—, eta Euskal Herri osoa zeharkatzeari ekingo diogu. Testu bidez azalduko zaigun istorioan guk aukeratuko ditugu hartu beharreko bideak. Herri, hiri nahiz kokaleku ezagunak igaroko ditugu gure bidaietan, baina, noski, han-hemenka gabiltzala, denetariko jazoerak eta erronkak agertuko zaizkigu: adibidez, hiri batetik bestera bidelapurrak ager daitezke.

Azedok bideojokoaren gako batzuk eskaini zituen 2025eko Jokoteknia Bideojokoen Euskal Biltzarrean. Hitzaldia Peertube plataforman ikus daiteke:

Bideojoko osoaz euskaraz goza dezakegu. Are gehiago: tituluaren hizkuntza bakarra da, eta saltokietako informazioan zein deskribapenetan euskaraz idatzitako argibideak baino ez ditugu aurkituko. Adurraren babesa jaso, eta abia zaitez Euskal Herri birtuala ezagutzera.