Kickstarter kanpaina abiatu du Aaron McDevitt garatzaileak, ontzi espazialez betetako demoa eskainita.
Asko dira Nintendo-koen F-Zero sagaren hutsa nabaritzen dutenak. GameCube kontsolarako F-Zero GX bikainetik ez dugu jaso antzeko jokagarritasuna eskaintzen duen bideojokorik. Horixe bera pentsatu du Aaron McDevitt garatzaileak; Nintendoren espazioko lasterken oinordekoa izateko asmoarekin aurkeztu du Aero GPX interesgarria.
Gameplay-aren segundo gutxi batzuk ikusita, argi geratzen da Sega-k Nintendorentzat garatutako GXren oinarri guztiak bereganatzen dituen tituluaren aurrean gaudela. Milaka kilometro orduko abiadura hartzen duten ontzien kontrola hartuta, lasterketa bizietan zein arriskutsuetan parte hartuko dugu garaipenaren bila.
Ziztu bizian ariko garen arren, kontrol zehatzak eta maneiu erraza dira jokoaren ardatz nagusiak. Kolpekariak erabilita zehaztasunez ezker eskuin egitea, kurba itxienetan derrapatzea, turboa erabilita aurkariak aurreratzea… Ez hori bakarrik, beste pilotuak —29 aurkari izango ditugu lasterketetan— suntsitu ahalko ditugu eraso desberdinen bidez: arma bakarra gure ontzia izango da. Egia esan, aurreko jokoetara ohituta baldin bazaude segituan ikasiko duzu Aero GPXn jokatzen.
Berritasunak ere izango ditu McDevitten jokoak, baina: adibidez, zirkuituetako gune batzuetan hegan ibiliko gara aire korronte batzuei esker. Nola ez, gure ontziaren energia ere kontrolatu beharko dugu bizirauteko: hau zirkuituetako more koloreko lurrean kargatuko dugu. Antzekoa gertatuko da turboarekin, baina F-Zeron gertatu ez modura, bi barra desberdin izango dira energiarena eta turboarena.
Zirkuitu zoroak zeharkatuko ditugu, nola ez. Bihurgune hilgarriak, txilinbueltak, hodiak eta askoz gehiago agertuko zaizkigu Aero GPXn. Gainera, jokalariei zuzendutako editorea prestatu nahi duela adierazi du sortzaileak.
Finantzazio bila
Bideojokoak sekulako itxura duen arren, garapena luzerako doa. Are gehiago, agian ez dugu lan hau kaleratuta ikusiko. Dena ondo doala ziurtatzeko, garatzaileak Kickstarter kanpaina prestatu du: 74.339 euro eskatzen ditu Aero GPX sortu ahal izateko, eta albistea idazterako unean 57.000 euro inguru bildu ditu. Kanpaina bukatzeko 27 egun falta direla jakinda, helburua beteko duela esan dezakegu.
Entzundakoak erakarri, baina finantzazio kanpainan dirua jartzeko zalantzak badituzu, doako demoa argitaratu dela jakiteak poztuko zaitu. Steam bidez jaitsi daiteke: bost zirkuitu eta bost ontzi eskaintzen ditu.
Dena ondo badoa, 2024an argitaratzea aurreikusten du sortzaile independenteak. Plataformei dagokienez, PCrako bertsioa baieztatuta dago; horrez gain, Switch-ean ere merkaturatu nahi du, “bere tokia dela” uste baitu McDevittek.
Iruzkinak (2)
Norbait 2022ko urr. 22a, 13:55
F-Zero sagaren zale amorratuentzat gehitu beharra dago Nintendo 64ko F-Zero X-ko speedrun exploitak mekanika ofizial gisa dakartzala Aero GTXk:
Hyper-sliding -> F-Zero X-ko SlideBoosting bezalakoa
Drill-Diving -> F-Zero X-ko Double tap Diving-en baliokidea (erabiltzeko askoz errezagoa)
Wall-grinding -> F-Zero X eta GX-ko rail drifting-en lekua hartzen du
Aire korronteetan hegan egitea ere Air-Ground glitch-an inspiratua dagoela susmatzen dut, baina ezberdina da jokagarritasunaren aldetik.
Ni gutxienez oso pozik nago demoarekin.
Lander Unzueta 2022ko urr. 24a, 10:08
Hori da! Oinarrizko mekanikak itzel daude, eta gero adituei zuzendutako ezaugarri mordoa ditu jada. Demoa prototipoa izateko, oinarri sendoak erakusten ditu: bertan dagoena finduta, itxura aldetik pixkat hobetuta, online aproposa ezarrita eta zirkuituen editore hori landuta...
F-Zeroren oinordeko ikaragarriaren aurrean gaudela esan dezakegu!