Microsoften estrategia joko arrakastatsuaren birmasterizazioa urriaren 15ean estreinatuko da PCrako.
Windowsen jabeek orain urte batzuk hasi zuten Age of Empires sagaren jokoak birmasterizatzeko lana. Lehen bi jokoen Definitive Edition deitutakoak argitaratu ondoren, hirugarren atalaren txanda iritsi da. Age of Empires III: Definitive Editionek hainbat hobekuntza eta aldaketa gehituko dizkio orain 15 urte estreinatutako estrategiazko jokoari.
Aldaketa nabarmenenak atal grafikoaren aldetik datoz. 4K bereizmeneko grafikoak, berregindako modelo tridimentsionalak, menu berriztatuak eta beste hainbat aldaketa gehituko dizkio Microsoftek AoE III-ri.
Bi joko mota berri ekarriko ditu Definitive Edition honek. Historical Battles deitutakoak XVI. eta XIX. mendeetako gudarik esanguratsuenak bizitzeko aukera eskainiko du. Art of War erronkek, bestalde, bideojokoaren ezaugarri bereziak erakutsi eta borroka zailenei aurre egiten ikasteko balioko dute.
Aoe III-ren bi espantsioak birmasterizazioaren barne egongo direla baieztatu dute jokoaren arduradunek. The Warchiefs eta The Asian Dynasties espantsioek gehitutakoaz gain bi zibilizazio berri izango ditu Definitive Editionak: Suediarrak eta Inkak. Hori horrela, guztira 14 zibilizazio izango ditu estrategia jokoak.
Age of Empires III: Definitive Edition Steam, Windows Store eta Xbox Game Pass bidez eskuratu ahalko da urrian. Plataformen arteko jokoa baieztatu du Microsoftek, eta aurreko jokoen Definitive Editionak erosita dituztenentzako beherapenak egongo dira.
Iruzkinak