Herrialde japoniarra eta bizantziarra gehituko dizkio estrategia jokoari, bakoitza berezko berezitasunekin. Xbox kontsoletara eta PCra iritsiko da.
Relic Entertainment-ek Age of Empires IV estrategia jokoarentzako edukiak prestatzen jarraitzen du. Azaroaren 14an ordainpeko espantsio erraldoia jasoko dugu: The Sultans Ascenden kanpaina guztiz berrian jokatu ahalko dugu. Gainera, estrategia jokoaren laugarren atalean, orain arte ikusi gabeko zibilizazioak eta mapak helduko dira.
Zortzi misio nagusiz osatutako kanpaina ikusiko dugu eduki gehigarrian. Gurutzatuen armadari aurre egin zioten erresistentzia musulmana kontrolatu ahalko dugu bertan: hauen liderren rola beteko dugu, eta aro hartako batailarik esanguratsuenetan parte hartuko.
Zibilizazioen aldetik, herrialde japoniarraren eta bizantziarraren eraikinak, armadak eta berezitasunak gaineratuko ditu The Sultans Ascendek. Japoniarrek, zelan ez, samuraiak eta shinobiak erabiliko dituzte; bizantziarren herria, berriz, ekialdeko erromatar inperioan oinarrituko da.
AoE IVn dagoeneko erabil daitezkeen lau zibilizazioren bertsio alternatiboak ere iragarri dituzte Relicekoek. Abbastar dinastiak, txinatarrek, frantsesek eta germaniako erromatar inperio sakratuak euren oinarrizko estrategiak eraldatuko dituzten heroiak nahiz unitateak jasoko dituzte.
Bukatzeko, gudak garatzaileek eskuz diseinatutako hamar mapa berritan bizi ditzakegu espantsioarekin. Hauek zein gainerako mapak girotzeko bi bioma ikusiko ditugu, gainera: japoniar udaberria eta sabana.
Ez da sagako bideojokorik arrakastatsuenetakoa izango, baina kritika eta balorazio bikainak jaso ditu AoE IVk 2021eko urrian estreinatu zenetik. Ordutik hona bideojokoaren edukiak areagotzen joan diran doako zein ordainpeko eduki gehigarriekin.
Age of Empires IV: The Sultans Ascend espantsioa Xbox kontsoletan zein PCan argitaratuko da azaroaren 14an.
Iruzkinak