Replicant D6-ren tiro jokoak mailen editore sakona izango du norbere mapak sortu ahal izateko. Doako demoa estreinatu berri dute.

Nintendo 64 kontsolarekin hazi direnek maitasun handiz gogoratuko dituzte Rare estudioaren tiro jokoak. GoldenEye zein Perfect Dark lanek askorentzat lehen pertsonako shooter-en emandako lehen pausoak suposatu zituzten: garai haiek gorarazteko helburua dauka Agent 64: Spies Never Die interesgarriak.

Unity bidez sortutako proiektu honek aipatutako klasikoen atal estetikoa berreskuratzen du: poligono gutxiz osatutako modeloak eta kokalekuak dira nagusi, baina baita espioien eta agente berezien girotzea ere.

64 ezkutuko izena duen John Walter agente ohiaren rola hartuko dugu Replicant D6 indie estudioa prestatzen ari den bideojokoan. Erretiroa hartuta egon arren, beste batez itzuli beharko da etorkizuna iraganeko mamuez babesteko. Bai, James Bond-en ohiko gidoiak ere mantentzen duela ikus daiteke.

Jokoaren maila bakoitza “neurriz hartutako ingurunea” dela diote garatzaileek: era guztietako helburuak bete beharko ditugu misioa gainditzeko. Rareren tituluetan gertatu modura, zailtasun maila igota helburuen kopurua ere handitzen joango da, geroz eta erronka zailagoak aurkeztuta.

Musika, soinu efektuak, kontrolak, N64an James Bondek erabiltzen zituen kolpe bitxi haiek… guztia garai haiek gogora ekartzeko pentsatuta dago. Nola ez, grafikoki argiztapen modernoak eta gehiago ikusiko ditugu.

Mailen editore boteretsua nabarmendu beharra dago. Jokalarien beren misio propioak sortzeko aukera izango dute; hori horrela, ez da harritzekoa izango GoldenEye osoa berreginda ikustea Agent 64 erabilita. Behintzat, aspaldi sarean filtratu zen GoldenEyen birmasterizazio hori kaleratu arte itxaroteko titulu aproposa izango dugu hau.

Aipatutako guztia probatzeko doako demoa prestatu dute Replicant D6koek: Steam Next Fest ekimenaren baitan jaitsi daiteke jokoaren Steameko orrialdetik.

Agent 64: Spies Never Die aurten kaleratuko da ordenagailuetan.