Capcom Highlights ekimenak japoniarren bideojokoei buruzko berritasunak utzi dizkigu.

Capcom estudio japoniarrak egindako Highlights zuzenekoak Street Fighter 6ren hurrengo borrokalaria aurkeztu digu. Bagenekien Akuma izango zela, baita bere itxura ezagutu ere, baina zinematika ikusgarriarekin behar bezalako sarrera eman diote deabruari; ez hori bakarrik, udaberrian helduko da bideojokora.

Takayuki Nakayama SF6ren zuzendaria arduratu zen borrokalari beteranoa erakusteaz. Itxura eraberrituarekin, nagusiagoa dela nabari daiteke, baina bere ohiko mugimenduak ikusi ditugu trailer zinematikoan.

 

Munstro ehiztariak, indar betean

Agindu modura, SF6 baino askoz gehiago ekarri zuten bi ataletan banatutako Capcom Highlightsera. Monster Hunter izan zen beste izar handia —zoritxarrez, Wilds berria erakutsi gabe—: ez da harritzekoa, sagaren 20. urteurrena ospatzen baitabiltza.

Stories azpisagako jokoen berritasunak eskaini zizkiguten. Alde batetik, lehen MH Storiesen birmasterizazioaren argitaratze data ezagutu dugu: ekainaren 14an merkaturatuko dute PC, PlayStation 4 eta Switch plataformetan. 2016an Nintendo 3DS kontsolan estreinatutako abenturak hobekuntza grafikoak eta Japonian esklusiboak ziren munstroak eta abenturak ekarriko ditu.

Bestetik, MH Stories 2 ere ikusi genuen. Jatorriz PCan eta Switchean argitaratutako titulu bikaina PlayStation kontsoletan jokatzeko aukera edukiko dugu, baita, ekainaren 14tik aurrera.

MHrekin jarraituz, Monster Hunter Now gailu mugikorrentzako jokoaren The Vernal Invader eduki gehigarriaren argitaratze data zehaztu zuten japoniarrek: Niantic estudioaren —Pokémon GO-ren sortzaileak— lan berria bihar kaleratuko da.

Capcomen sagarik indartsuenetakoa da MH gaur egun, Resident Evil-ekin batera. Japoniarrek jakitera eman dutenez, MH World-ek marka guztiak hautsi ditu, 25 milioi salmentak gaindituz. Saga osoa kontuan hartuta 97 milioi joko baino gehiago saldu dituzte.

 

Kunitsu-Gami, Ghost Trick, Exoprimal, eta gehiago

Iragarpenekin bukatzeko, hainbat bideojokori lotutako iragarpenak jaso ditugu. Kunitsu-Gami: Path of the Goddess-ena da interesgarriena: akzioa, estrategia eta kudeapena elkartzen dituen obra itxurosoa sakontasunean erakutsi dute, mekanikak eta jokagarritasuna agerian utzita.

Ghost Trick: Phantom Detective maitatua Nintendo DStik egungo ordenagailuetara eta kontsoletara iritsi zen duela hilabete batzuk. Orain, berriz, mugikorretara dator: martxoaren 28an iOS eta Android gailuetan estreinatuko dute.

Exoprimal eroa exoeskeleto futuristak eta dinosauroak biltzen dituelako da ezaguna… baina orain Capcomen maskotarik mitikoena ere ikusiko dugu akzio joko kooperatiboan. Izan ere, Mega Man apirilaren 17an bere kanoiarekin tiro egiten hasiko da; laugarren denboraldiari hasiera ematen diotenean, hain zuzen ere.

Bukatzeko, Dragon’s Dogma 2 ere ikusi genuen. RPG erraldoiaren zabalkunde kanpainari bukaera emateko pertsonaien editorean sakondu zuten, erabiltzen hasteko aukera eskainita. Demoa jaso beharrean, hortaz, gure heroia sortzen hasteko erreminta eman digute.

Sortu ondoren ez dugu askorik itxaron beharko erabiltzen hasteko, dena den: martxoaren 22an estreinatuko da joko osoa PS5, Xbox Series eta PC plataformetan.