Epic Games Publishing argitaletxearen aterpean prestatzen dabiltza beldurrezko joko ezagunaren jarraipena. PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da.

Alan Wake idazlearen abenturen zaleek pozik egoteko arrazoiak dituzte. Orain gutxi iragarri eta kaleratu zuen Remedy Entertainmentek jatorrizko jokoaren birmasterizazioa; ez da nahikoa izan, eta jarraipenean lan egiten dabiltzala baieztatu dute: Alan Wake 2 aurkeztu dute ofizialki The Game Awards ekitaldian.

Jostagarritasunik erakutsi gabe, trailer zinematiko laburrarekin egin dute iragarpena. Alan Wake originaletik 11 urte igaro dira, baina jarraipenaren xehetasunak ezagutzeko pixkat gehiago itxaron beharko dute zaleek. Halere, Sam Lake arduradunak gauza bat ziurtatu du: beldurrak are garrantzia handiagoa edukiko du bigarren atal honetan.

Hiri beldurgarri bat eta “bizirik jango zaituen istorioa” agindu dituzte bideoan, zahartutako Alan Wake erakusteaz gain. 2022an berritasunak eskainiko dituztela adierazi du Lakek, baina jokoaz gozatzeko 2023ra arte itxaron beharko da. Horrez gain, iaz iragarri zutena jarraituta Epic Games Publishing argitaletxearekin elkarlanean kaleratuko dute bideo-jokoa.

Plataformak zehaztu dituzte baita ere: PCan nahiz PlayStation 5 eta Xbox One kontsoletan kaleratuko dute beldurrezko jokoa.