Aberri egunean ospatutako finalarekin bukatu da euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko txapelketa. Asitor19 izan da garailea.

Game Erauntsiak, Gu ere Bai! egitasmoak eta Hamaika Telebistak elkarlanean antolatutako FIFA21 Euskal Liga amaitu da jada eta Asitor19 bideo-jokalariak eskuratu du garaipena Alavesen koloreak defendatuta. Iker Zarragaren Athletic Club 2-9 garaitu zuen.

Osasuna 6-5 gainditu ondoren iritsi zen Alaves finalera. Bestalde, Athletic Clubak 7-6 irabazi zion Eibarri bigarren finalerdian.

Apirilaren 4an, Aberri egunarekin bat eginez, FIFA21 Euskal Ligaren azken fasea jokatu zuten Alavesek, Athletic Clubek, Eibarrek eta Osasunak. Hamaika Telebistak programazio berezia prestatu zuen eta Beñat Zarrabeitia eta Olatz Foruria kazetariek esatari lanak egin zituzten.

FIFA21 Euskal Ligaren ligaxkara iritsi ziren bost taldeen ordezkariek euskal selekzioaren kamiseta bana jaso dute sari bezala Gu Ere Bai! egitasmoaren eskutik.

 

Alavesen garaipena

Lehenengo jokaldia bilbotarrentzat izan zen, baloiaren domeinu ona erakutsita. Hala ere, Alaves izan zen aurkiaren atera gerturatzea lortu zuen lehena. Tentuz jokatu zuten bi taldeek Iñigo Cordobak gazteiztarrentzat lehenengo hiru golak sartu zituen arte (0-3). Manu Garcia ere puntu festan agertu zen (0-4).

Athleticek ez zuen amore eman nahi baina Nico Williamsen tiroa Pachecok gelditu zuen. Ohian Sancet nafarra izan zen azkenik zuri-gorrientzat lehenengo gola sartu zuena (1-4). Lehenengo zatia amaitu baino lehen Alavesek berriro ere gehitu zuen Cordoba eta Jotaren eskutik (1-6).

Partiduaren dinamikak aldatzeko ahalegin handia egin behar zuen Athletic Clubek bigarren zatian. Saiatu ziren, baina tamalez bizkaitarrentzat arabarrek ez zuten erritmoa jaitsi nahi. 53. minutuan Jotak bere bigarren gola sartu zuen eta azkar-asko Burguik ere berbera egin zuen (1-8 ). Orduan Balentziagak baloia lapurtu eta Alavesen atera eraman zuten zuri-gorriek, Iñaki Williamsek bigarren tantoa gehituta (2-8 ).

Athletic Clubek hainbat eraso burutu zituen baina zuri-urdinen defentsek ondo babestu zuten atea. Alaves ere azken minutura arte saiatu zen bere abantaila handitzen eta 90. minutua iristearekin batera Jota Peleteirok norgehiagokaren azken gola sartu zuen finala 2-9 amaitzeko.

Horrela bada, amaitu da FIFA21 Euskal Liga. Guztira 40 norgehiagoka baino gehiago jokatu dira eta 170 gol baino gehiago sartu.

 

Euskal Liga baino gehiago

Txapelketaren finalak Aberri egunarekin bat egitea ez da kasualitatea. Izan ere, aurreko urtean bezala euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko bidea izan dira bideo-jokoak eta txapelketa hau. Honek esangura berezia hartu du, izan ere, gure txapelketaren fase finala baino lehen Athletic Club eta Errealak Errege Koparen finala jokatu zuten.

Tamalez Electronics Artsen FIFA21 bideo-jokoak ez du gure emakumezko taldeekin jokatzen ahalbidetzen. Beharbada, hurrengo urtean beraiekin antolatu ahal izango dugu Euskal Liga.

Horretaz gain, berriro ere agerian geratu da euskaraz bideo-jokoetara jokatzea posible dela, baita modu horretara txapelketak antolatzea ere.

 

Antolatzaileen balorazioa

Game Erauntsia Elkartearen aldetik balorazio positiboa egiten dugu. Azpimarratu nahi dugu gure txapelketa euskara hutsean antolatu dugula. Hau garrantzitsua da, izan ere, Errege Kopa aitzaki hartuta gure inguruan FIFA bideo-jokoaren txapelketa ugari antolatu direla ikusi dugu, baina hauetan euskara pasadizozko esparrua izan da. Bideo-jokoak, futbola bezala, gure bizitzaren parte dira eta euskaraz gozatzeko aldarrikapena egin nahi dugu.