Game Erauntsia Elkarteak EHUrekin burututako elkarlanaren lehen emaitza da. PCko bertsioa euskaratu dezakegu.
Alba: A Wildlife Adventurek euskaratze ez ofiziala jaso du. 2020. urtean Ustwo estudio independenteak argitaratutako titulu ederra haurrei zein helduei bideratuta dago.

Game Erauntsia Elkarteak bideratutako itzulpena izan bada ere, EHUrekin abiatutako elkarlanaren emaitza dela nabarmendu beharra dago: EHUko Letren Fakultatearekin praktikaldiak bideratu ditugu, ikasleei bideojokoak euskaratzeko aukera eskaintzeko. Alba akordioaren lehen emaitza da: Naroa Ballarena eta Matthew Orostegi ikasleak arduratu dira lokalizazio lanak burutzeaz, ondoren Game Erauntsiatik zuzenketak eta azken lanak bideratzeko. Orokorrean, testu guztiak itzultzea lortu dugu, baina kartel eta irudi batzuk moldatu gabe geratu dira, tamalez: fitxategietan irudi batzuk aurkitzea lortu badugu ere, kasu batzuetan ezinezkoa egin zaigu.
Beti bezala, Ibai Oihanguren zalea ere eskertu behar dugu elkartetik, bere laguntzari esker prestatu baititugu itzulpenaren instalazio fitxategi desberdinak.
Nola euskaratu
Hori horrela, bideojokoaren PCko bertsioa euskaratzeko prozesua benetan erraza da. Jarraian dituzue argibideak:
Windows
Windows bertsiorako, deskargatu instalatzailea, eta jarraitu bere argibideak. Instalatzaileak gaztelaniazko testuak gainidatziko du euskarazko itzulpenarekin.
GNU/Linux + Steam Deck
GNU/Linux eta Steam Deckerako, instalazioak lan gehiago eskatzen du oraingoz. Jarraitu urrats hauek:
- Deskargatu GNU/Linuxerako instalazio scripta.
- Ireki terminala, eta idatzi ondorengo komandoa:
bash ./alba-eu-instalazioa.sh - Aukeratu gainidatzi beharreko hizkuntza, eta scriptak instalazioa amaitzean, Alba: A Wildlife Adventure euskaraz izango duzu.
Erreserba naturala babesteko uda
Bideojokoari dagokionez, abentura txiki bezain saritua da Albarena. Monument Valley bikainen egileena izanik, ez da harritzekoa, baina premisa guztiz desberdina aurkituko dugu obra honetan. Mediterraneo itsasoaren gerizpean kokatutako Pinar del Mar herrira uda igarotzera bidaiatzen duen Alba txikia gidatuko dugu. Aiton-amonen etxean, txikitatik ikasi du animaliak maitatzen, irlatxoa denetariko basapiztien etxea baita.
Paradisu txikia zeharo aldatzear dago, ordea, alkateak luxuzko hotel erraldoia eraikitzeko plangintzan publiko egiterakoan. Horren aurka jarriko da gure protagonista: sinadura bilketa abiatuko du hotela alboratzea eskatuta. Helburua oporraldian zehar sinadura horiek lortzea izango da; horretarako, biztanleei laguntzen zein animaliak erakartzeko nahiz irla zaintzeko misio txikia betetzen ariko gara Albarekin.

Aisialdi ekologikoari lotutako ekintzak burutzeaz gain, argazkilari lanetan ere ariko gara, inguruneko animaliak identifikatzen, soinean daramagun mediterraneoko fauna gida osatzeko.
Esandakoa: abentura txikia, baina itzela. Game Erauntsian ikaragarri gustatu zitzaigun —horrexegatik aukeratu genuen EHUkoekin itzultzeko—, eta analisi txikia eskaini genion bere garaian. Hauxe esan genuen Alba: A Wildlife Adventureri buruz:
Hiru edo lau ordutan osorik gaindi dezakegun abenturatxoa da Albarena. Familia guztiari zuzendutako jokoa da, argi dagoenez: bereziki atsegina izan daiteke etxeko txikienekin batera gozatzeko.
Etorkizunean, helburua are bideojoko gehiago euskaratzea da EHUrekin batera. Adi, beraz! Bitartean, beti bezala, euskaraz joka daitezkeen bideojoko guztien zerrenda aurki dezakezue Game Erauntsian.

Lander Unzueta
Iruzkinak