Ekainaren 22an kaleratuko du Jankenteam garatzaileak. PCan zein kontsoletan estreinatuko da Master Systemeko jokoaren remakea.
Jokalari beteranoenek ongi gogoratuko dira Alex Kidden abenturetaz. 8-biten garaietan SEGAren maskota bezala ezagutzen zena urte askoz galduta ibili da, han-hemenka paper laburrak hartuta party jokoetan. Itzulera handia izango du laster, baina: Alex Kidd in Miracle World DX remakean lan egiten ari da Jankenteam estudio espainiarra, eta joko originala gogoratu zein eraberritutako abenturaren berritasunak nabarmentzeko trailerra zabaldu dute.
Izan ere, atal tekniko guztiz berria edukiko duen arren jokora retro moduan aritzeko aukera emango dute garatzaileek. Hau da, 1986an SEGA Master System kontsolarako argitaratutako jatorrizko jokoaren grafikoekin jokatu ahalko da Miracle World DX honetara.
Bideoan jokalariek bisitatuko dituzten gune anitzak nabarmendu dituzte. Kokaleku ezagunak daude noski, baina berritasunak ere gehitu dituztela aurreratu dute Jankenteamekoek. Etsai nagusiak ere itzuliko dira, eta horien aurka egiteko Boss Rush joko mota ekarriko du remakeak.
Hasiera batean ekainaren 24rako merkaturatzea aurreikusita bazegoen ere, bi egun lehenago jokatu ahalko da Alex Kidd in Miracle World DXra: ekainaren 22an kaleratuko dute azkenean Jankenteamek eta Merge Games banatzaileak. Nostalgiaz gainezka egiten duen Signature Edition edizio bereziarekin estreinatuko da gainera, Master Systemeko kaxa berezi haiek gogora ekartzeko asmoarekin.
Plataformen aldetik, PCan eta kontsoletan jokatu ahalko da: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletara helduko da zehazki.
Iruzkinak